Bigarren mailara igotzea helburu

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 23a, 09:54

Federazio Kopa irabazi berri du Real Union futbol taldeak; eskualdeko lau jokalari daude bertan

Futbola da beren ogibidea. Iñaki Urkizu berastegiarra (1990), Josu Ibarbia ibartarra (1990), Aimar Sagastibeltza leitzarra (1984, Tolosan bizi da egun) eta Mikel Alonso tolosarra (1980) dira Real Union taldean ari diren eskualdeko jokalariak. Federazio Kopa irabazi berri dute eta orain 2. A mailara igotzeko lehia betean daude. Gainera, aurten kluba bere 100. urteurrena ospatzen ari da.

Federazio Kopan 2. B eta Hirugarren mailako taldeek parte hartzen dute eta Sagastibeltzak azaldu duenez, «guretzat arrakasta handia izan da. Koparen ibilbidean hasi ginenean, ilusioz geunden, baina jakinik ibilbide luzea genuela aurretik, kanporaketa asko zeudela aurretik. Nahiz eta gure asmoa hori izan, bagenekien oso konplikatua izango zela». Ligan gutxiago jokatzen dutenentzat aukera moduan hartu zuten kopan jokatzearena, Sagastibeltzak gaineratu duenez: «Kanporaketaz kanporaketa sekulako maila erakutsi dute, azkenean finalera iritsi eta hor borobildu egin da».

Castello taldearen aurka irabazi dute finala, eta lehenengo partidan, kanpoan jokatutakoan, bideratu zuten norgehiagoka. «Beraien zelaiaan 0-1 irabazi genuen», dio Ibarbiak. «Maila ona erakutsi genuen, baina bagenekien etxeko partidan borrokatu egin beharko genuela. Ikusi genuen Castello talde gogorra zela eta beraiei irabazteko partida landu behar genuela». Berriz ere «maila ona» erakutsi zuten Irunen, eta 3-0 irabaziz kopa etxean geratu zen.

Kopa irabazi, eta gainera, 100. urteurrena ospatzen ari diren urtean, poza bikoitza izan da taldearentzat eta zaleentzat. «Klubak zaleak motibatzen jakin izan zuen, zer garrantzia zuen partidak azalduz, eta zaleek erantzun egin zuten», esan du Sagastibeltzak. «Espero genuena baino jende gehiago zegoen finalean, eta festa bat izan zen. Lehenengo gola azkar sartu genuen, eta nabaritzen zen zerbait oso arraroa gertatu behar zuela kopa ez irabazteko».

Talde askok parte hartu dute Federazio Kopan, tartean 2. B mailako asko eta Real Unioni aurrekontuan aise irabazten dietenak. «Zaila izan da eta pozik gaude lortutakoarekin», azaldu du Sagastibeltzak.

Lau jardunaldiren faltan

Orain burua ligan jarrita dute bete-betean jokalariek. Asteburu honetan Real Madrileko bigarren taldeari, Zinedine Zidane entrenatzaile duen Castillari irabazi diote, 3-2, eta beste aurrerapauso bat izan da play-off-etara sailkatzeko. «Federazioko kopa aurreko ostegunean irabazi genuen, eta pixka bat ospatu genuen, baina hurrengo egunean lanean jarraitu beharra zegoen», esan du Urkizuk. «Igandean oso partida garrantzitsua izan genuen, bosgarren baitzegoen Real Madril, eta beraiekiko aldea handitzeko oso partida garrantzitsua zen. Zorionez irabazi genuen, eta orain burua ligan dugu jarrita. Lau jardunaldi bakarrik geratzen dira eta hor saiatu beharra dago».

Azken lau partida horiek lau final izango direla beraientzako esan du Ibarbiak: «Play-offa jokatzea guretzako oso polita izango da, eta horren bila joango gara. Partida guztiak erabat borrokatuko ditugu gure helbura lortu arte».

Real Union sailkapenean bigarren postuan dago, Huesca liderrarengandik lau puntura. Hirugarren Athletic B dute, puntu batera. Laugarren eta bosgarren, Guadalajara eta Toledo, berdinduta daude, beraiengandik lau puntura. Aukera asko dituzte, beraz, play-offetara sartzeko.

Baina behin helburu hori lortuta, kanporaketak pasatzea lortu behar da mailaz igotzeko. «Lehenengo postuan lortuz gero kanporaketa bat izaten da, baina ikusten da zaila dagoela Huescari postu hori kentzea. Saiatuko gara, noski, baina zaila dago», esan du Urkizuk. «Hurrengo hiru postuetan geratuz gero, hiru kanporaketa pasa behar dira. Beraz, erraza ez da. Beste aurkariak ere indartsuak izaten dira eta gogorra izango da».

Behin Federazio Kopa irabazita, «oso berezia» izango zen aurten 2. A mailara igotzea. «Orain urte gutxi egon zen eta urtebete egin ondoren berriro jaitsi zen», esan du Sagastibeltzak. «Azkeneko urteetan hori izan da klubaren helburua, baina oso konplikatua da. Behin play-offa ziurtatuta, sinistuta gaude sailkatuko garela, garbi duguna da helburua igotzea izan behar duela aurten. Zaila izango da, baina guri kanporatu nahi gaituenak ere zaila izango du. Federazio Kopan erakutsi dugu talde gogorra garela eta espero dugu ere hemendik hilabete batera maila hori bera ematea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!