Gaur gauean hasiko dute bi eguneko lanuztea Osakidetzako langileek

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 22a, 15:40

Zerbitzu minimoen arabera, Tolosaldean, Tolosako anbulatorioa bakarrik egongo da zabalik

Gutxieneko zerbitzuen arabera, Tolosadean Tolosako anbulatorioa bakarrik egongo da irekita

SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bi eguneko lanuztea deitu dute Osakidetzan. Gaur 22:00etan hasiko dute lanuztea eta ostirala arte luzatuko da hortaz.

Sindikatuek 30.000 langileri baino gehiagori egin diete grebarako deia, eta Tolosaldean ere izango du eragina. LABeko Zaida Casalesek esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak apirilaren 21ean ezarri zituen gutxieneko zerbitzuak, eta horien arabera, larunbatetako zerbitzua eman beharko dute osasun etxeek. Tolosaldean, hortaz, langileek grebarekin bat egiten badute, Tolosako anbulatorioa bakarrik egongo da irekita, eta erizain, mediku eta administrari bana egongo dira lanean.

ELAko Irene Garciak azaldu duenez, Osakidetzak 3.000 lanpostu suntsitu ditu eta sindikatuen nahia lana bermatzea da. Era berean, lanaldia luzatu diete eta soldatak jaitsi, eta egoera honekin amaitu behar dela dio Casalesek. «Langileek baja hartzen dutenean lanpostua lehen egunetik ordezkatu dezatela nahi dugu», gaineratu du.  Enplegua «berreskuratzeko» deitu dute greba, eta euren nahia lan karga onargarriak ezartzea eta langileen arteko soldatetan «diskriminazioak ezabatzea» da, besteak beste. Garciak gaineratu du Jon Darpon Osasun sailburuak  lana eta lanpostuak sortu nahi dituela esaten duela, «baina ez du ezer egiten hori lortzeko, nazkatuta gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!