Garajeetako lapurretak ugaritu dira

Ataria 2015eko apirilaren 21a

Azken asteotan gero eta gehiago izaten ari dira garajeetan egiten ari diren lapurretak. Azkena, gaur goizaldean izan da Amasa-Villabonako Berria kalean.

Gaur goizaldean, 06:30ak inguruan, bizilagun batek eman du abisua: Amasa-Villabonako Berria kaleko lurrazpiko aparkalekuetan lapurreta egin dute. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 20 trasteleku baino gehiagotan sartu dira.

Zulagailu batekin behartu dituzte trastelekuetako sarrailak eta hainbat material eraman dute. Bizilagunak hasi dira Ertzaintzak salaketak jartzen, eta bitartean polizia ikertzen ari da.

Tolosan ere bai

Aste Santuko oporretatik bueltan ere hainbat lapurreta izan dira Tolosan. Nafarroa Etorbidean eta Iurre auzoan esaterako, oso epe laburrean hiru alditan izan dira, azkenekoa duela astebete: "30 garaje baino gehiagotan sartu ziren" dio Alex Perurena, Iurreko garajeetako administrariak.

Lapurreta hauek igandetik astelehenera bitarteko gauetan gertatu dira, eta teknika ezberdina erabili dute oraingo lapurreta hauetan: "lehen sarraila behartzen zuten, baina orain zuloak egin dituzte ateetan, eta guztiz hondatu dituzte".

Lapurren helburuan ere aldaketa nabaritu du Perurenak: "Bizikleta eta tresnen bila joan izan dira orain arte, baina azken lapurretetan janaria eraman dute gehienbat: esnea, ardoa, kontserbak...".

Perurenaren esanetan, pasa den urtean 15 aldiz sartu ziren Iurreko garajeetan. Gorakadarik nabarmenena uda partean izan zela dio, baina aurten Aste Santuko oporraldiak ere aprobetxatu dituztela dio.

Gomendioak

Lapurreta hauei aurre egitea zaila dela esan du Perurenak, baina erremedio bila hasi dira dagoeneko: "Banan banan hastea baino, errazagoa izango da erantzun bateratu bat ematea. Hortaz, segurtasun modu berrien bila hasi gara, eta garajeen jabeei aukeran emango zaie". Bestalde, garajeak ere etxearen aseguruaren barnean izatea oso garrantzitsua dela nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!