Urruzola-Mendizabal eta Jaka-Tolosa garaile, Promoziokoan

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 5a, 22:10

Emaitza oso onak lortu dituzte eskualdeko pilotariek Promesa mailako Pilota Txapelketa Nagusian. Urruzolak herenegun, eta Jaka-Tolosak atzo final-aurreetako ligako partidak irabazi egin dituzte. Honela, finalerako txartela eskutan dute Jaka-Tolosak; Urruzolak ere lor dezake azkeneko partida irabazita.

Mendizabal III-Urruzolak erraz irabazi zieten Victor eta Iturriagari: 22-9

Aurreko asteburuan ez bezala tantoak bukatzeko garaian argi ibili zen Mendizabal atzo, eta Julen Urruzolaren nagusitasuna askotan aprobetxatu zuen tantoak bukatzeko. Oso partidu ona jokatu zuen asteasuarrak eta beti erakutsi zion bizkarra Iturriagari. Partida hau irabazita, finalean sartzeko aukerekin segitzen du bikote gipuzkoarrak; aldiz, Victor eta Iturriaga, sailkapen faseko ligaxka irabazi zutenak, finalena sartzeko inongo aukerarik gabe geratu dira. Hurrengo partida, beraz, Rico IV-Larunberen aurkakoa, erabakigarria izango da asteasuarrak eta antzuolarrak osatzen duten bikotearentzat. Herenegungo maila erakusten badute, aukera asko izango dituzte.

 

Erik Jaka lizartzarra bigarren urtez jarraian jokatuko du Promesa mailako finala, Tolosarekin Rico IV-Larunberi irabazi eta gero: 22-15

Joko bolada gozoan jarraitzen dute lizartzarrak eta anoetarrak. Lehen jardunean ligako lehen sailkatuei irabazita moralez gainezka zetozen Rico eta Larunbe. Ez zen gutxiagorako. Bere jokoan konfiantza handiarekin daudela erakutsi dute ordea Jaka eta Tolosak, eta ondo irabazi zieten. Gisa honetara, eskutan dute Jaka eta Tolosak Promesa mailako Txapelketako finalerako txartela. Ligaxkako azken partidak, Victor eta Iturriagaren aurkakoak ez du izango inongo eraginik sailkapenean. Beraz, Jaka eta Tolosa finalari begira jartzeko moduan daude. Iaz txapela janztea lortu zuen Erikek Rezusta bergararra lagun zuela. Berritzea izango du gogoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!