Binakako txapelketako pilotariek ez dute jai hartuko asteburuan

Asier Imaz 2015eko apirilaren 3a

Urruzolak gaur jokatuko du; Jaka-Tolosak bihar, eta Artolak igandean.

Binakako Txapelketa finalerdietako ligaxkan da. Bertan, eskualdeko lau pilotari daude, eta gaurtik igandera, hiru partidatan egongo dira.

Kantxara irteten lehena Urruzola asteasuarra izango da. Mendizabalekin bikotea osatuz, gaur iluntzean jokatuko du Beran, Victor-Iturriagaren aurka. Eskualdekoak finalean egon nahi baldin badu, gaurkoa irabazi beharra dauka, lehen partida galdu egin baitzuten Mendizabal-Urruzolak. Gaurko partida 21:00etan hasiko da.

Bihar ere Nafarroan jokatuko dira partidak, eta Jaka-Tolosaren txanda izango da. Rico IV-Larunbe izango dituzte aurkari Iruñeko Labriten, 17:30etik aurrera. Lizartzarrak eta anoetarrak lehen partida irabazi egin zuten, eta Rico IV-Larunberi irabazten baldin badiote, ia-ia finalean egongo dira.

Igandean izango da eskualdeko azken ordezkariaren partida, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuk irabazi beharreko partida jokatuko dute. Ligaxkako lehen partida galdu egin zuten, eta hau ez badute irabazten, finalerako txartela lortzea ia ezinezkoa izango da beraientzat. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta Berasaluze-Zubieta izango dira Artola-Albisuren aurkariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!