Irene Caminos eta Oier Lakunza Gipuzkoako txapeldun

Asier Imaz 2015eko martxoaren 30a

Tolosan jokatuko da laugarren eta azken jardunaldia, trialsin txapelketarena. Tolosarra eta bidania-goiaztarra izan dira irabazleak; bai proban eta baita sailkapen nagusian ere. 

Gipuzkoako Trialsin Txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu zen igandean Usabalen. Maila guztietako partaideak ibili ziren aulkirik gabeko bizikletaren gainean, zailtasun desberdinetako probak gainditzen. Eskualdeko ordezkariak, Gipuzkoakoak, Euskal Herrikoak eta hemendik kanpotik etorritakoak ere izan ziren.

Benjaminak izan ziren zenbakiz gehienak, hamar parte hartzailerekin. Travis Asenjo izan zen lehen postuan gelditu zena, Markos Bermejo eta Urko Riosen aurretik.

Alebinetan zazpi kide atera ziren lehiara. Josu Perezek burutu zuen azkarren ibilbidea, Vera Baron eta Diego Garreusen aurretik.

Kadeteetan Ju Saenz de Ormijana izan zen proba amaitzen lehena, Iker Rodrigezi tarte handia ateraz, 30 segundo. Oier Mitxelena izan zen hirugarrena.

Infantiletan Oier Lakunza irabazi zuen proba. Laugarren jardunaldia irabazteaz gain, bidania-goiaztarrak Gipuzkoako Txapelketa irabazi du, lau jardunalditan puntu gehien pilatu dituena bera izan baita. Tolosan, Andoni Perezek amaitu zuen bigarren, eta Antonio Frailek hirugarren.

Junior-senior mailan, Irene Caminos laugarren gelditu zen Tolosan. Aurreko sailkatuak Gipuzkoatik kanpokoak zirenez, lurraldeko lehena bera izan zen, aurreko hiru jardunaldietan bezala. Ondorioz, jokatutako lehia guztiak irabazita, tolosarrak irabazi du Gipuzkoako Trialsin Txapelketa.

Elite mailan, Ion Areito nagusitu zen, Alejandro Montalvo eta Sergio Fernandezen aurretik.

Irene Caminosen egutegia
Gipuzkoako Txapelketa amaitu ondoren, maiatzean, Irene Caminos Poloniara joango da, Munduko Kopako lehen jardunaldian parte hartzera. Ondoren, Frantzia, Austria eta Amberesen ibiliko da, Munduko Kopan parte hartuz. Tartean, noski, etxera itzultzeko aukera ere izango du.

Ekainean jokatuko du Euskal Herriko Txapelketa. Eta denboraldia amaitzeko, irailaren hasieran, Munduko Txapelketara joango da, Andorrara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!