Gaurko operazioa presoen kolektiboa babes gabe uzteko helburuarekin antolatutako operazio polizial, politiko eta mediatiko bat dela deritzogu.
Xake – Mate operazioen baitan gauzatuak izan diren aurreko sarekaden ildo beretik, oraingo honetan ere elkartasuna kriminalizatu nahi izan dute. Presoen eskubideen aldeko borrokarekin konprometitzea gogor zigortzen dute, eta helburu horrekin Euskal Herrian eta gure mugetatik harago presoen eta senideen egoera ezagutarazi eta salatzeko lan publikoa egiten ari diren pertsonak eta senideak ere jo puntuan dituzte.
Euskal Preso Politikoak bakarrik, beraien etxetik urrun, isolaturik eta babesik gabe nahi dituzte. Ez dute lortzen, ez eta lortuko ere.
Ezaguna da Estatu espainiarraren mendeku gogoa Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean ekarpenak egiten dituen guztiaren kontra, eta hau adibide bat gehiago da. Guk oso argi dugu: Euskal Herriaren kontrako erasoa izan da. Normalkuntza politiko eskenatokia ekidin nahi du Estatuak kosta ahala kosta, badakielako Euskal Herriak bere bidea egingo duela egoera demokratiko batean gure etorkizunaz libre erabaki badezakegu.
Estatu espainolak Euskal Herriaren bake nahiak ito nahi ditu, gure Herriak konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidez zapuztuz. Ez dute lortuko, sarekada berriari mobilizazio berriekin erantzungo diegu. Eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso eta ekimen politiko gehiago ekarri behar dituzte. Hori da gure nahia eta gure konpromisoa. Jaurlaritzak berriki Etxeratekin egindako batzarraren ondotik dispertsioarekin amaitzeko ordua dela zioen. Bide horretan aurrera egiteko hitzetatik konpromisoetara jauzia egiteko momentua bada.
Estatuaren izaera errepresibo eta antidemokratikoa agerikoa bada ere bistakogoa da Euskal Herriak bere bidea egiteko premia gure etorkizunak libre eta demokratikoki erabaki dezagun. Eta ezinbestekoa bide horretan eragile politiko, sozial eta sindikalon konpromisoa eta inplikazioa. Ez da posible izango ehunka preso politiko espetxeetan sakabanatuak ditugun bitartean.
Egoera honekin amaitzeko ordua da, Euskal preso politikoak etxeratzeko ordua. Lantokietan borrokatu eta kaleak hartzeko ordua da. LABetik langileei dei egiten diegu operazio honen salaketa herri zein lantokietara eramatea, presoen eskubideen aldeko borroka eta presoak etxeratzeko aldarria lantokiz lantoki eta langilez langile bazter guztietara zabaltzera.
Euskal Herrian, 2015eko martxoaren 25ean