Etxeraten aurkako operazioa

"Presoei ematen zaien babes guztia txikitu nahi dute"

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko martxoaren 25a

Euskal presoen senideen Etxerat elkartearen eta presoen osasuna zaintzen lan egiten duten profesionalen Jaiki Hadi elkartearen hainbat kide atxilotu ditu gaur goizean Guardia Zibilak. Jon Ijurko Etxerateko kideak esan duenez, kasik zain zeuden: "Urtarrileko abokatuen kontrako polizia operazioaren ondotik, Jaiki Hadi eta Etxerat jarri zituzten jomugan eta bagenekien hau posible zela". Atxiloketen harira, batzar informatiboa egingo dute gaur, 19:30ean, Tolosako Trianguloan.

Operazioa irekita dago oraindik, eta beraz, Etxerateko Ibarrako kideak esan du oraindik goiz dela honek guztiak zer ekarriko duen jakiteko. Dena den, argi dute: "Euskal preso eta iheslariek jasotzen duten babes guztia txikitu nahi dute, eta min egin dute eta jarraituko dute. Honekin amaitzeko zerbait egin behar dugu, baina bien bitartean, min egiten jarraitzen dute". Ijurkok azaldu duenez, atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egingo dira herriz herri, baina oraindik ez dituzte lekuak eta orduak zehaztu.

Atxilotuak Nagore Lopez de Luzuriaga, Izaskun Abaigar, Fernando Arburua eta Oihana Barrios dira. Lopez de Luzuriaga eta Abaigar Etxerat-eko ordezkariak dira eta Zamudion (Bizkaia) lehena eta Kanpezun (Araba) bigarrena atxilotu dituzte; Fernando Arburua preso ohia Donostian atxilotu dute; eta Iruñean, Oihana Barrios psikologoa. Biak ala biak presoen osasun baldintzak hobetzeko lan egiten duen Jaiki Hadi elkarteko kide dira. 

Atxiloketekin batera, miaketak egin dituzte atxilotuen etxeetan; Zamudiotik, Aguraingo etxera eraman dute Lopez de Luzuriaga. Oihana Barriosen etxearen erregistroan, Jaione Karrera abokatuari ez diote sartzen utzi. Etxe inguruan, Egoi Irisarri atxilotu dute, guardia zibil bati "torturatzaile" deitu ondoren. Komisariara eraman ostean, libre utzi dute.

Laugarren polizia operazioa euskal presoen babesaren kontra

Euskal presoen babeserako elkarteen kontrako laugarren polizia operazioa da polizia iturriek Pastor izenez bataiatu duten polizia operazio hau. Urtarrilean atxilotu zituzten euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioaren jarraipena litzateke, eta hari, berriz, urtebete lehenago eginiko beste batek eman zion bide.

2014ko urtarrilean Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak atxilotu zituzten, besteak beste. Presoen kolektiboak izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak ziren. Hilabete batzuk lehenago, Herrira mugimenduaren kontra jo zuen Espainiako Gobernuak.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, "ETAren kartzeletako frontearen kontrako" operazioa da gaurkoa. Haren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde "desberdinen" koordinazio gunean parte hartzen zuten. Ez du zehazten erakunde horiek zeintzuk diren.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!