AHTk eskualdean eragin dituen kalteak salatu ditu Gazte Abertzaleakek

Ataria 2015eko martxoaren 14a

Gastu sozialetan inbertitu beharko litzatekeen dirua AHTan xahutzen ari direla salatu dute Tolosaldeko Gazte Abertzaleak taldeko kideek. "Gure bailaran ospitale publiko gabe jarraitzen dugu, gazteok geure ikasketengatik geroz eta gehiago ordaindu behar dugu eta emantzipatu ezinean gabiltza".

Tolosaldeko mapa grouyère gaztarekin alderatu dute agerraldian erabili duten irudian. "Gure herriak zulo beltzen betetzen ari diren bitartean, beste batzuk poltsikoak diru morez betetzen dituzte", salatu dute. Hernialden agertu zen zuloari egin diote erreferentzia Gazte Abertzaleakekoek, baina eskualdean izan diren gainerako kalteak ere zerrendatu dituzte: Anoetako bi erreka lehortu zirenekoa, Alkizako errekan amuarrainak hilik agertu zirenekoa edota duela gutxi Aldaban izan den luizia.

Gogoratu dutenez, "Adifeko hainbat funtzionario eta Corsan enpresako hainbat kide atxilotu zituzten iaz Tolosaldeko obretan ustelkeria sumatu ostean". Libre utzi zituzten eta beraz, "gure mendien birrinketak aurrera darrai".

Mikel Arreseigor eta Maitane Gonzalez, Tolosaldeko Gazte Abertzaleak taldeko kideek eman dituzte azalpenak Tolosako Alkartetxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!