Emakumeen Nazioarteko Eguna 2015

Parekidetasuna aldarrikatzen

Jon Miranda Labaien 2015ko mar. 3a, 17:49

Herriz herri ekitaldiak antolatu dira igandeko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aldarrikapena oinarri.

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. 1908an New Yorkeko lantegi batean 146 emakume langile hil ziren eta sarraski hura gogoratuz egiten da emakumeen eskubideen aldeko eguna urtero. Tolosaldean ere data hori aintzakotzat hartuz ekitaldiak antolatu dira datozen egunotarako.

Adibidez Zizurkilen. «Gustu guztietako ekintzak antolatu nahi izan ditugu. Jai girokoak, baina baita hausnarketa egitekoak ere», horrela nabarmendu nahi izan du Joxe Mari Luengo alkateak egitaraua aurkezteko agerraldian. 100 urte baino gehiago igaro dira egun hau ospatzen dela, «baina tamalez, oraindik ez dugu berdintasunik emakumeen eta gizonen artean. Gure aldetik alea jartzen jarraituko dugu hurrengo belaunaldiek parekidetasun handiagoz bizitzeko aukera izan dezaten».

Badira Zizurkilen urtero antolatzen diren ekitaldiak, emakumeen nazioarteko egunaren bueltan. Esate baterako, ostiralean kontzentrazioa egingo da 19:30etan Joxe Arregi plazan. Larunbatean berriz, emakumeek irteera egingo dute.eta Getaria aldera joango dira. Dagoeneko izena eman dute 67 emakumek eta oraindik ere tokia dagoenez, izen ematera animatu dituzte Zizurkilgo emakumeak. Udal bulegoetan izango da aukera.

Aurten, Zizurkilen, amatasunaren gaia sakonago aztertu nahi dute, martxoaren 8aren baitan antolatutako egitarauan. Ainhoa Larrea, kultura teknikariak nabarmendu duenez, «beti sortu izan du eztabaida amatasunaren gaiak eta horregatik aukeratu dugu gai honen inguruko hausnarketa egitea».

Helburu horrekin antolatu da lehehengo ekitaldia bihar. Skolastika proiektu feministaren eskutik kafe tertulia egingo dute. «Amei zuzendutako kafe tertuliak antolatzen dituzte Bilbon eta interesgarria iritzita, hona ekarri nahi izan dugu ekimena». Azkenaldian sona izan duen Baztango trilogia oinarri hartuta hainbat galdera planteatuko zaizkie bertaratzen diren amei, Larreak aipatu duenez: «zerk egiten gaitu ama? zer nahi dugu gure seme-alabentzat? zer da baldintzarik gabeko amodioa?».

Testuinguru berean, ,tailerra ere antolatu dute Zizurkilen, martxoaren 11n, 18an eta 25ean. Ez dut nire ama bezalako izan nahi ala bai? galderari erantzungo dio tailerrak. Ostirala da izen emateko azkeneko eguna eta tailerra doakoa izango da. Goizeko 10:00etatik 12:00etara egingo dira.

Emakumeen borroka gogoan Tolosan
Joan den asteartean Tolosan egindako ohiko osoko bilkuran, ahobatez onartu zen adierazpen instituzionala. Udalak hainbat konpromiso hartu ditu adierazpenarekin: udal politiketan berdintasuna zeharkakotasunez lantzea; herriko emakumeen elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana indartzea; jabekuntza eskola sendotzea edota indarkeriaren aurkako protokola sendotzea.

Aurten lehen aldiz, Aurrez Aurre arte multidiziplinarioen I. Lehiaketa antolatu dute Tolosan. 44 lan aurkeztu dituzte eta Nerea Lopez Lanzetarenak lortu du lehen saria. Jokin San Jose algortarrak eta Oihana Ugarte tolosarrak lortu dituzte bigarren eta hirugarren sariak. Aipamen berezia jaso du berriz, Gurutze Gorriko Algara Eguneko Zentroak, Egunetik egunera, emakumeak aurrera izeneko lanarekin. Emakumeen historia anitza erakutsi nahi izan dute obra horrekin.

Hain zuzen, arte multidiziplinarioen lehiaketara aurkeztu diren lanekin erakusketa zabalduko dute bihar Aranburu Jauregian. Apirilaren 11ra arte izango dira ikusgai artelanak.

Baina ez da ikusgai izango den erakusketa bakarra izango. Begiradak komikietan izena duen bilduma ikusgai jarriko dute Tolosan. Emakumeen komikiak eta komiki feministak izango dira muestra honen ardatz.

Datozen egunotan Tolosako Leidorren programatutako filmek ere emakumeen gaia izango dute hizpide. Osteguneko zine-forumean La señorita Julia botako dute eta igandean Alma salvaje izenekoa.

Igandea izango da egun nagusia. Manifestazioa izango da eguerdian eta ondoren bazkaria Bilgune Feministak antolatuta.

Martxoa bukatu aurretik ere beste bi ekitaldi izango dira: hilaren 12an, emakumeen etxeak aztertzeko mahaingurua eta hilaren 26an, emakumeak eta Islama gaiaren nguruko hitzaldia.

ABALTZISKETA
Martxoak 8, igandea
14:00. Ermentañen bazkaria .

ADUNA
Martxoak 6, ostirala
18:00. «Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, edo bai?» hitzaldia. Adunako Kultur aretoan.
20:00. Pintxo jatea.

ALEGIA
Martxoak 4, gaur
19:00. Emakumeentzako hitzaldia klimaterio eta menopausiaren inguruan DYAren eskutik. Kultur Etxea.

Martxoak 8, igandea
19:00. Kontzentrazioa plazan eta ondoren «Ez da kasualitatea» bertso emanaldia.

ALKIZA
Martxoak 7, larunbata
14:00. Bazkaria Alkizako Ostatuan.

AMASA-VILLABONA
Martxoak 5, osteguna.
19:00. «Berdintasunaren aldarria mendi garaietan ere» hitzaldi eta argazki proiekzioa. Subijana etxean eta sarrera doan.

ANOETA
Martxoak 6, ostirala
21:00. Barrikotea eta Lorratzak taldearen emanaldia. Gaztetxean, «Martxo more» ekimenaren barruan.

ASTEASU
Martxoak 5, osteguna
19:30. «La vida empieza hoy» filmaren emanaldia udaletxeko ikusentzunezko gelan.

Martxoak 7, larunbata
10:00. Martxa osasuntsua emakumeentzat
12:00. Triki-poteoa

Martxoak 8, igandea
12:00. Herriko emakumeek egindako antzerkia, udaletxean.
13:30. Asteasuko frontoian emakumeen bazkaria.

BIDANIA-GOIATZ
Martxoak 6, ostirala
19:00.Kartel lehiaketa: Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo eskoletako haurrentzat. Bideo emanaldia eta pintxo eta edariak egongo dira. Albizturren afaria izango da Ostatuan.

IBARRA

Martxoak 12, osteguna
19:30. Lakrikun taldearen 'Non gaude?' antzezlana, kultur etxean. Azpeitiko taldea da Lakrikun, eta Idoia Uranga, Gurutze Eizmendi eta Alaitz Olazizola dira aktoreak. Azpeitiko XXXII. Euskal Antzerki Topaketan ikusleen saria eskuratu zuten. Hiru aktoreen hirugarren antzezlana da honakoa, aurrekoak Greban gaude eta Prest gaude izan ziren. Antzezlanean  3 pertsonaia dira protagonistak; hiru emakume eta hiru prototipo desberdin. Bakoitzak bere nortasuna du eta egoera desberdinak biziko dituzte.

Martxoak 28, larunbata
09:30etik 13:30era, kultur etxean, autodefentsa ikastaroa.

IKAZTEGIETA
Martxoak 4, gaur
19:00. "Indarkeria matxista eta mikromatxismoa" hitzaldia. Udaletxean.

Martxoak 6, ostirala
21:00. Afaria Herri Ostatuan (izen ematea bertan 15 eurotan. Apuntatzeko azken eguna gaur).

Martxoak 8, igandea
12:00. Kontzentrazioa zubian.

IRURA
Martxoak 8, igandea
14:00. Bazkaria Irurako Trinketean.

LARRAUL
Martxoak 4, gaur
18:00. "Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, edo ez?" Izaskun Solagaistuaren eskutik. Kultur Aretoan.

Martxoak 6, ostirala
21:00. Afaria Larraulgo Ostatuan.

Martxoak 7, larunbata
17:00. "Billy Elliot" filma Kultur aretoan.

LEABURU
Martxoak 8, igandea
14:00. Bazkaria Leaburuko Ostatuan

LIZARTZA
Martxoak 8, igandea
14:00. Auztegi Sagardotegian bazkaria.

TOLOSA

UDALA
Martxoak 5, osteguna
19:45 eta 21:45. "La señorita Julia" filma, zine-forumaren baitan. Leidorren.

Martxoak 6, ostirala
20:30. "Matxo-Mari" antzerki lana. Topicen.

Martxoak 8, igandea
12:30. "Euskal Herria feminismotik eraikitzen" lelopean manifestazioa Boulevardetik, Donostiako Koordinadora Feministak deituta.
14:00. Bazkaria Zerkausian Bilgune Feministak antolatuta.
19:30 eta 22:00. "Alma salvaje" filmaren emanaldi bikoitza. Leidorren.

LASKORAIN IKASTOLA

Martxoak 6, ostirala10:45 Laskolilatoia Usabalen. Neskek hartuko dute parte lasterketan, eta mutilak inguruan izango dituzte animatzen. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute

ZIZURKIL
Martxoak 5, osteguna
18:30. "Baztango trilogia, amatasunaren itzalak" kafe-tertulia, Josune Muñozen eskutik. Zizurkilgo Liburutegian.

Martxoak 6, ostirala
19:30. Kontzentrazioa Joxe Arregi plazan,emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

Erlazionatuak

Emakumeen Eguna iruditan

Jone Amonarriz 2015 mar 09 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!