Emakumeen Nazioarteko Eguna 2015

Demeritua

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon 2015ko mar. 3a, 09:08

"Euskal Gizartea, gure gizartea, aurrerakoia dela esan dezakegu non gizon eta emakumeak askatasunez bizitzen garen eta berdinak sentitzen garen, eta hori bermatzeko baditugun gainera gure legeak: berdintasun legea edota Tolosako udalean bertan onartutako ordenantza".

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna dagoeneko giza eskubidetzat hartzen da, baina, teorian hori guztia onartu izanagatik ere, errealitatean ezberdintasunak gertatzen dira oraindik ere. Esaterako, lan arloan, soldataren kasuan, %30eko aldea ere egon liteke gizon eta emakumeen artean.

Orain egun batzuk, emakumea eta politikaren bateratzearen inguruko jardunaldi batean izan nintzen. Talde hartan parte hartu genuen emakumeek zeregin eta behar oso ezberdinekoak ginen: ezkonduak eta ezkongabeak, esparru publikoan zein pribatuan lanean jarduten dugunak, erantzukizun handiak dituztenak, egunerokoari erronka berrien ilusioz aurre egiten diotenak, gazteak eta ez hain gazteak, denetarik…

Politika egiteko era ezberdinen inguruan mintzatu ginen. Eraginkorrak ez diren amaierarik gabeko bilera luzeak eta erabakiak lan esparrutik kanpo hartzeko joera albo batera uzteko beharraz ere hitz egin genuen. Izan ere, etxeko lanen eta lan profesionalen bateratzea ez da erreza, posible ote den ere askotan zalantzan jarri izan dut, ez bada esparru pribatuaren nahiz lan eremuaren antolaketa ordenatu eta eraginkor bat gauzatzen behintzat.

Bertan emakume batek mahaigaineratutako ideiak zer pentsa handia eman zidan. Badira kasuak, zeinetan eremu publikoan lorpen eta merituak emakume izanagatik aitortzen diren eta ez, pertsona gisa egiteko gai izan denagatik: lehen emakume euskaltzaina, bertso txapelketan parte hartu zuen lehen emakumea edo txapela jantzi zuen lehen emakumea, 8000ko 14ak egiten lehen emakume mendizalea…

Hara non bere meritua generoan azpimarratzen den eta ez profesionalki egindako lanean, eta hara nola meritua demeritua bilakatzen den.

Erlazionatuak

Emakumeen Eguna iruditan

Jone Amonarriz 2015 mar 09 Tolosaldea

Parekidetasuna aldarrikatzen

Jon Miranda Labaien 2015 mar 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!