Ibarrako Garaguneak 13 pertsonari emango die zerbitzu

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko urtarrilaren 30a

Ibarrako Euskal Herria kaleko Garagunea inauguratu dute. Adimen desgaitasuna duten 13 pertsonari emango die zerbitzu Goyeneche Fundazioak kudeatzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen eguneko zentro berriak. Goyenechek Gipuzkoan duen 12 zentroetako bat da Ibarrakoa. 

Jendez lepo eta iluzioz beteta zegoen gaur goizean Ibarrako Garagunea. Eguneko zentro berriaren inaugurazio ekitaldia egin dute, eta proiektua aurrera ateratzen lagundu duten entitateetako ordezkariez gain, erabiltzaileak izan dira bertan. 

Guztira 13 pertsonari emango die zerbitzu zentro berriak, adina edo beste zailtasun batzuk direla eta lantoki okupazionaletan edo enplegu zentro berezien sareak eskaintzen duenaren aldean beste irtenbide batzuk bilatzen dituzten adimen desgaitasuna duten pertsonak izango dira, hain zuzen, erabiltzaileak. 

Garaguneak guztiz hornitutako bi solairu ditu; sukaldea dute, aisialdi ekintzak egiteko egongelak, bestelako ekintzak egiteko aretoa, bestelako erabiletarako gelak...

Zentroa Goyeneche Fundazioak kudeatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du. Eraikina berriz, Ibarrako Udalak jarri du. Inaugurazioan Goyenecheko lehendakariak, Juan Riverak, Gureakeko Iñaki Alkorta lehendariak, Jesus Peñagarikano Ibarrako alkateak eta Martin Garitano ahaldun nagusiak hartu dute hitza. Baita bertako erabiltzaile batek ere, Elenak. Bera izan da hain justu, ekitaldiari hasiera emateko ardura izan duena. 

Gureak taldeko Iñaki Alkortak Garagune berria zerbitzu eta programen sarea osatzen lagunduko duen zentroa dela esan du. "Amarauna hitza etorri zait burura, Gipuzkoan pixkana handitzen doan amarauna", esan du.

Ibarrako alkateak bere aldetik, Ibarrarentzat horrelako zentro bat edukitzea ohorea dela esan du, eta baita oso garrantzitsua dela ere. 

Ahaldun nagusiak azkenik, gizarte zerbitzuetako sarea zabaltzen jarraitu ahal izateko Gipuzkoak abantaila handia duela esan du: "Hirugarren sektorea, hau da, gizarte zerbitzuak kudeatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitateak ezinbesteko aliatu bihurtu dira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, Goyeneche fundazioa bezala, urteetan zehar zerbitzuen eskaintza esperientzia handia erakutsi duten fundazio eta elkarteak baitira". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!