Erabakitzeko eskubidean sakonduz

Iñigo Terradillos 2015ko urt. 30a, 11:02

Gure Esku Dago ekimenak ikasturte berria aurkeztuko du bihar, Tolosako Leidor aretoan; erabakitze eskubidean pauso bat harago ematea du helburu.

Pasa den urteko ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean burutu zen ekimen erraldoian 150.000 herritarrek hartu zuten parte, herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela ardatz hartuta. Bi hiriak batzen dituzten 123 kilometroak desberdinen arteko topaleku bihurtu ziren horrela. Erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko sortu zen Gure Esku Dago dinamika dago ekitaldi horren atzean. Ekaineko ekimena arrakastaz gaindituta, eta hausnarketa prozesua igarota, ikasturte berriari ekingo dio Gure Esku Dagok. Hain justu, kanpaina berria azaltzeko jaialdi berezia izango da bihar, Tolosako Leidor aretoan.

Giza kate erraldoiaren ostean, bada, udan, gogoetarako unea iritsi zen. Prozesu horretan, hurrengo pausoak zehaztu zituzten, aldarrikapena ehundu, edukia adostu eta erabakia gauzatu, alegia. Koldo Rabadan Gure Esku Dago ekimeneko kideak azaldu moduan, herri batzorde guztien ekarpenak egin zituzten, eta horrela erabaki zuten hurrengo bidea: «Pasa den urtean jendea bildu egin nahi zen, eta aurten pauso bat harago eman nahi dugu, erabakia ehundu arte». Erabakitzeko eskubidean sakontzea du helburu ekimenak, beraz, «herritar guztiak jostun bilakatuz».

Aurreikusitako ekitaldiak

Pasa den urtean modu arrakastatsuan erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ezagutaraztea lortu zuen Gure Esku Dagok. «Lan potolo bat eginda dagoela esan daiteke, baina oraindik gauza asko daude egiteko», dio Gure Esku Dago ekimeneko kideak. Erabaki hori ehuntzeko jostun bilakatzea izango da aurtengo erronka nagusia. «Iritzi desberdinak, herritar anitzak dinamikara batu, josi, elkartu, eta bidea batera egin, erabakira heldu arte».

Ekainaren 20rako aurreikusi dute aurtengo ekimen erraldoia. Herrialdez herrialde gauzatu asmo dute, hiriburuetan hautetsontziak irudikatuz. Horretarako, oihalak erabiliko dituzte, eta horiek aldez aurretik herritarrek josiak izango dira: «Izena emateko eta saretzeko oihalak erabiliko ditugu, eta oihal horiek josi egin beharko dira». Apirilaren 25a izango da josteko eguna, ehuntze eguna. «Gure kasuan, Tolosaldean, oihal zati horiek josi egin beharko ditugu, apaindu, eta gero, Donostiara eramango ditugu, ekitaldi handirako».

Eskualdeko aurkezpen ekitaldia

Ikasturte berriaren Tolosaldeko aurkezpena hartuko du bihar Leidor aretoak. Erabakia#ehuntzen lelopean, datozen hilabeteetan egin asmo dituzte pausoen berri emango dute, musikarien, dantzarien, antzezleen eta beste hainbat sorpresaren laguntzarekin. 18:30ean hasiko da ekitaldia, herritar oro dago gonbidatuta, eta sarrera doan izango da. «Pasa den urtean giza katearen aurkezpena ere bertan egin genuen, eta oso harrera ona izan zuela ikusita, aurten ere, Tolosaldeko herritarrei aurtengo helburu eta erronken berri iazko modu antzekoan ematea erabaki dugu», azaldu du Rabadanek.

Ordubete inguruko ekitaldi polita izango da, osagai ugarirekin: hunkitu egingo gara, umorea ere izango du... eta guztia Kike Amonarriz eta Jone Amonarriz aita-alabak gidari direla. Ekimenean nola parte hartu, izena nola eman behar den, zein den aurtengo kanpaina, zein helburuak... horiek guztiak argituko dituzte, era atseginean.

Bestalde, Tolosan egingo den eskualdeko ekitaldiaz gain, beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte. Hala, Amasa-Villabonan, esaterako, Erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzen lelopean hitzaldi zikloa jarri dute martxan. Asteartean hasi zuten, eta hurrengo mahai inguruak otsailaren 4an eta otsailaren 10ean izango dira. Amaitzeko, otsailaren 20an, Jostunak dokumentala izango da ikusgai.

 

Ekitaldiak

Tolosa: Erabakia #ehuntzen jaialdia. Ikasturte berriaren aurkezpena: musikariak, atxikimendu argazkia, dantzariak, antzezleak... Kike Amonarrizek eta Jone Amonarrizek aurkeztuta. Urtarrilak 31, 18:30ean, Leidor aretoan.

Amasa-Villabona: Erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzen hitzaldi zikloaren barruan, Herri borondateak gauzatzen mahai ingurua: ADOS plataforma. Arrankudiaga-Zalloko Herri kontsultako kideak; A13 Herri galdeketa Etxarri Aranatzeko Herri kontsultako kideak eta Karmele Olabarrieta Gure Esku Dagoko kidea. Igotz Alkorta Euskadi Irratiko kazetaria moderatzaile lanetan. Otsailak 4, 19:30ean, Subijana etxean.

Amasa-Villabona: Kirolean ere, Gure Esku Dago mahai ingurua: Gaizka Garitano, Eibarko entrenatzailea; Mikel Labaka futbolari ohia; Xabier Usabiaga txirrindulari ohia eta EITBko kazetaria; Iñaki Artola pilotaria; Aitziber Ibarbia mendi lasterkaria eta Mikel Astarloza txirrindulari ohia. Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetaria, moderatzaile lanetan. Otsailak 10, 19:30ean, Gurea antzokian.

Amasa-Villabona: Jostunak dokumentala: Gure Esku Dago dinamikan parte hartu duten herritar anonimoei ematen die protagonismoa, eta, era berean, erabakitzeko eskubidearen inguruko hari korapilo nagusiak azaltzen ditu. Otsailak 20, 19:30ean, Gurea antzokia

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!