Osasun publikoaren afera

«Osasun Erakunde Bateratua klinika pribatua legitimatzeko pauso bat da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 20a, 18:56

Tolosaldeko alkateek agerraldia egin dute, Asuncionen aferako azken gertakariak baloratzeko

Pasa den abenduaren 13an izan zen osasun eskualdeko azken manifestazio jendetsua. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak deitu zuen mobilizazio hura, eta beren borrokako ohiko aldarriekin batera, arrazoi berri bat ere bazuten, protesta egiteko: 2015eko urte hasieran Tolosaldean Osasun Erakunde Bateratua martxan jartzeko asmoa azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Asmo horiexekin, abendu hasieran Guillermo Viñegra osasun sailburuordeak, Rafael Bengoa Gipuzkoako osasun arduradunak eta Iñaki Berraondo osasun aseguru eta kontratazio zuzendariak bilera bat deitu zieten Tolosaldeko alkateei: «OEBak eskualdeko osasun arretari hobekuntzak gehituko zizkiola azpimarratu zuten hitzorduan».
Eskualdeko udal ordezkariek, ordea, ez dute itxaropen handirik sistema berriarekin: «OEBak Tolosaldean ezer gutxi aldatuko du, arazoa ez baita sistema bateratu bat abiaraztea; osasun zerbitzu publikoan klinika pribatu bat egotea da arazoa».
Besteak beste, alkateek bi arrazoi nagusi izan dituzte hizpide, «klinika pribatu batek zerbitzu integral eta koordinatu bat ezinezko» egiten dutela arrazoitzeko.
Lehenik eta behin, lanerako modu nahiz helburu desberdinak dituzten bi sistema elkartzea «ezinezkotzat» dute: «Sistema pribatuak irabazi ekonomikoak ditu helburu, eta ez zerbitzu unibertsala ematea. Horretarako pertsonal-ratio txikiagoak kontratatu behar badituzte, halaxe egiten dute, errentagarritasunaren alde».
Gainera, osasun sistema publikoko eta Asuncioneko sistema informatikoak oraindik bateratzeko daudela ere ohartarazi dute udal ordezkariek.
Finean, argi dute «OEB aurkeztea klinika pribatua legitimo egiteko pauso bat gehiago izan dela», eta ez daude prest hori onartzeko: «Lau urte baino gehiago darama eskualdeak honen aurka aldarrikatzen, eta Osasun Sailak berea inposatzen jarraitzen du, gehiengoaren nahiari bizkarra emanez».
Dena den, aldaketa posible ikusten dute oraindik, «herritarren osasunak hitzarmenek baino gehiago balio baitu». Horrenbestez, afera honekin lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!