Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinadorak prentsaurreko bat eskaini du gaur hogeita bost eragilerekin batera Tolosaldean 2015ean ezarriko den Osasun Sistema Integratuaren sistema "salatzeko" eta "kudeaketa publikodun eskualdeko ospitale bat" aldarrikatzeko. TOPAren izenean hitz egin dute Kristina Pelaez eta Teresa Agirrezabalak, eta OSI sistemaren inguruan dagoen "isiltasuna eta informazio gordetzea" salatu nahi izan dute. Sistema hori "ez dutela onartzen" adierazi dute, horrek "Asuncion klinika pribatua Osasun Publikoaren Zerbitzuaren antolakuntza sarean txertatzea" dakarrelako. Honen aurrean, "kudeaketa publikodun eskualdeko ospitale bat" aldarrikatu dute, eta era berean, "espezialitateko anbulatorio publikoa berreskuratzea" ere eskatu dute.
Pelaezek eta Agirrezabalak salatu dute "informazioa ezkutatzen" zaiela, eta horrela herritarrek ezin dutela osasun ereduaren inguruan "iritzia eman". Gainera, horrek gobernu baten "maila demokratiko eskasa" erakusten duela uste dute, eta Eusko Jaurlaritzari herriaren borondatearen gainetik "interes alderdikoiak eta ekonomikoak" jarri dituztela. Gainera, informatuak izateko eskubidea ere "lapurtu" dietela salatu dute.
OSI sistemak "Gipuzkoa eskualdetik kanpo jartzea" ekarriko luke TOPAren ustez. Honela, Tolosaldea "klinika pribatu bat duen Euskadiko OSI bakarra" izango litzatekeela ere adierazi du. Honela, Euskao Jaurlaritzaren asmoa ospitale publikoaren ordez, "klinika pribatua ezartzea" dela uste du TOPAk: "Enpresa pribatuei ematea osasun publikoaren arloan etekin handiena duena, hau da, gastu gehien duena publikoari utziz".
Aseguramendu eta Kontratazio Zuzendariaren erantzuna
Gaur egin dituzten salaketak, azken asteotan Lurralde Zuzendaritzatik eta Osasun Sailetik jaso dituzten erantzunetan oinarrituta daude. Izan ere, Pelaezek eta Agirrezabalak jakitera eman dute Lurralde Zuzendaritzan informazioa eskatu zutela, eta bertatik Rafael Uribarren Lurralde Zuzendariak eskutitz bidez honakoa erantzun zietela: "Iruditzen zait ez garela solaskide egokienak ez Lurralde Zuzendaritza ez Lurrealde ordezkaria, erakundean duzuen kezka argitzeko". Eskaera Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Aseguramendu Kontratazio Zuzendaritzara bideratzeko esan zieten. Baina, bertako zuzendari den Iñaki Berraondorengandik jasotako erantzuna honakoa izan zen: "...proiektuak une honetan duen zehaztasun maila dela eta ezin dugu horri buruzko informazioa aurreratu. ... proiektua zehazten joaten den neurrian, Osasun Sailak eman beharreko informazioa emango du, ohiko mekanismo eta hedabideen bitartez. ... Dakizuen bezala osasun jardueraren eskumena Jaurlaritzarena da; era berean prestazio sozialak Aldundien eta udalen eskumenak dira."
Erantzun hauek jaso ostean, TOPAk uste du EAJren gobernuak informazioa "ukatzen" dietela, eta ezjakintasunean mantendu nahi dituela "erabakiak atzera bueltarik gabekoak izan arte". Honela, euren ustez "Aldundi eta udalen parte hartzea bertan behera" utzi nahi du. Horregatik, "inposaketa" baten aurrean daudela salatu dute, eta honen aurrean "matxinada" ikusten dute erantzun emateko bide moduan.
Gauzak honela, "Tolosaldeko herritarrei" dei egin diete abenduaren 13an Trianguloatik, 12:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera.
ATXIKIMENDUA ADIERAZITAKO ERAGILEAK
15M Tolosaldea
Aralar
Bilgune Feminista
Bonberenea
CCOO
Euskal Herria Sozialista
Eusko Alkartasuna
Foro Republicano de Tolosa
Gainditzen
Gipuzkoako Erretiratu edo Pentsionisten Elkartea (GEPE)
Izquierda Unida - Ezker Anitza
Junta de Amaroz Auzo ELkartea
Kaleratzeak Stop Desahucios (Andoain)
Kaleratzeak Stop Desahucios (Tolosa)
LAB Pensionistak
LAB Sindikatua
Palestina - Al - QUDS - Jerusalem - Elkartea
Sortu
Tolosaldeko Gazte Abertzaleak
Tolosaldeko Zero Zabor Plataforma
Zahartzaro Duinaren Aldeko Plataforma
Tolosaldeko herrietako alkateak
Tolosaldea Sahararekin
Ernai
Berdinbide