San Sebastian eguna eskualdean ere ospatuko dute bihar

Maier Ugartemendia 2015eko urtarrilaren 19a

Pasa den urteko San Sebastian ospakizuna Orendainen

Berastegin, Leaburun eta Orendainen mezak ospatuko dituzte ermitetan. Ondoren, mahaiaren bueltan jarraituko dituzte ospakizunak.

Urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna da gaurkoa, eta Donostiako edo Azpeitiako ospakizunak badira ere ezagunenak, eskualdean ere ospatzen da jaia. Berastegin, Leaburu-Txaraman eta Orendainen San Sebastian santuaren ermitak dituzte, eta tradizioari jarraituz hiru herrietan izango dute jaia gaur.

Berastegin, San Anton egunaren ajearekin oraindik, goizean egingo dute meza San Sebastian ermitan. Orendainen ere festa goizean izango dute, nahiz eta bazkariaren ondoren, egunak gehixeago luzatzeko arriskua ere izango duen.

Goiza okupatua duenak, arratsaldean izango du San Sebastian eguna ospatzeko aukera Leaburun. Ermitako meza eta herriko dantzarien emanaldiaren ostean, guztiek batera Zazpi-Bide elkartean askaria egiteko aukera izango baitute.

Edonola ere, ziur festarik eta umorerik ez dela faltako hiru herrietan.

BERASTEGI
10:00. Meza, San Sebastian ermitan.

LEABURU-TXARAMA
17:00. Meza San Sebastian ermitan.
Ondoren. Herriko dantzarien emanaldia, ermitaren aurrean.
Jarraian. Zazpi-Bide elkartean askaria egingo dute.

ORENDAIN
11:15. Herriko plazatik, txistulariek alaituta, kalejira izango da San Sebastian ermitaraino.
11:30. Meza ermitan.
Ondoren. Hamaiketakoa.
14:00. Bazkaria, Eltxoak elkartean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!