Tolosaldea Sahararekin elkarteak 15 urte

Tolosaldea Sahararekin, 15 urte mugarriak gainditzen

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 15a, 11:24

Elkartea 2000. urtean sortu zen. Proiektu ugari gauzatu dituzte eta orain Piztu Itxaropena kanpainaren txanda da. Elikagaiak, eskolako materiala, garbiketa produktuak eta botikak ari dira biltzen, eta Tolosaldeak bakarrik betetako kamioia bidaltzea da aurtengo erronka. 

Elkartasunak ez du mugarik, ez luke mugarik izan behar, baina bai ordea elkartasunaren beharrak, zoritxarrez sahararrek laguntza behar dute aspaldidanik eta badirudi Espainiako Gobernuak jarrera aldatzen ez duen bitartean, luze joko duela behar horrek. Tolosaldea Sahararekin elkartea da laguntza eta babesa eskaintzen ari den elkarteetako bat eta mugarri batetara heldu da. 15 urte betetzen ditu aurten, elkartasunez betetako 15 urte.

Gregorio Eizagirre da taldeko kideetako bat eta elkartea Oporrak Bakean proiektuaren barruan sortu zela du gogoan. «Tolosar batzuk hasi ziren udaran ume sahararrak ekartzen eta hortik abiatuta sortu genuen Tolosaldea Sahararekin elkartea, behar bat bazegoela ikusi baikenuen. Lehen urte haietan laguntza bildu eta eskoletara bideratzen genuen».

Urteak pasa eta beste pauso bat ematea erabaki zuen elkarteak, beste mugarri bat jartzea. Duela bospasei urte izan zen hori: «Eskoletara laguntza bidaltzea ondo zegoen, baina eskola berri bat eraikitzea ere posible zela pentsatu genuen. Lehendabiziko pausoa izan zen Fronte Polisarioari galdetzea ea non behar zuten eskola hori. Guk Herrialde Liberatuetan egin nahi genuen, Zergatik? Etorkizunean eman daitezkeen pausoetan pentsatzen hasi eta ikusi genuelako Lurralde Liberatu horiek izango direla sahararrenak izango direnak, eta gerorako ere balioko duen eskola izatea nahi genuen. Badakigu kanpalekuetan egiten diren eraikuntza guztiak momentu batean hor geratuko direla. Fronte Polisarioak Midyick herrian egitea proposatu zigun».

 

Pentsatu eta egin. Ikastetxea bukatuta dago jada eta ez hori bakarrik osasun gela bat egitea ere lortu dute elkartasunari esker. «Ikastetxea egina dago, eskualdeko herri askok lagundu digute, baina esan behar dugu finantzaketa ia osoa Tolosako Laskorain ikastolako Merkatu Txikiari esker lortu dugula», dio Eizagirrek.

Eskola eta osasun gela egiteko laguntza Euskal Herritik jaso dute eta bi eraikinei izen horixe jartzea erabaki dute: Euskal Herria. «Basamortu erdi erdian daude. Duela 15 bat egun izan naiz bertan eta kristoren poza eman zidan umeak futbolean jolasten ikusteak, orain arte eraikinak bakarrik ikusten genituen, orain bizia dute», esan du. Eskola egin ondoren eskatu zien Fronte Polisarioak osasun gela bat egitea. «Ehunka kilometro egin behar dituzte lehen arretako zerbitzu bat jasotzeko eta horregatik eskatu ziguten. Diru bat bazegoela ikusi genuen, eta egitea lortu dugu, Lasarteko Udalari eskerrak eman beharrean gaude», gogoratu du Eizagirrek. Esanguratsua den datua ere eman du Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, Midyicken ez dutela inoiz ez eskolarik ez eta osasun gelarik izan, ezta frantsesak eta espainiarrak han egon direnean ere, «guretzako ohore bat da hau egin ahal izatea».

 



Elkartasunak, mugarik ez
Tolosaldea Sahararekin elkarteak ez du Oporrak Bakean egitasmoa egiten bakarrik, hor daude ere hitzaldiak, Maiatza Borrokan jardunaldiak, erakusketak... Eta oraintxe martxan dagoen Piztu Itxaropena kanpaina. Urtero egiten dute eta elikagaiak, garbiketarako produktuak, eskolarako materiala eta oinarrizko botikak biltzean datza. Tolosaldea Sahararekin elkarteak bultzatuko kanpaina den arren, jada autonomia hartu duen egitasmoa da eta eskualdean erabat errotuta dagoena; eskualdeko udalek zein ikastetxeek martxan jartzen dute kasik Tolosaldea Saharareki elkarteari beraiekin harremanetan jarri aurretik. «Ikastetxe, udaletxeetan, kultur etxeetan, saltokietan... biltzen ditugu produktuak. Otsaila bukaerara arte jasoko ditugu eta gure urteurrena dela eta aurten gure nahia da maiatzean Tolosaldeak bakarrik betetako kamioi bat eramatea».

Historia pixka bat
Saharako herritarrak hiru zonaldetan daude banatuta orain 40 urtetik. Marokok ilegalki okupatutako lurraldean, gerratearen ondoren Fronte Polisarioaren eskuetan geratutako Lurralde Liberatuetan eta Argelian, Tindouf hiriburutik gertu dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Mendebaldeko Sahara Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizaziorako Komiteak gainbegiratzen duen 17 lurraldetako bat da. 1960. urtean sartu zuten lurralde ez autonomoen zerrendan, Espainiako kolonia zenean,hain zuzen. Deskolonizatze prozesua 1976. urtean eten zuten, Espainiak Marokoren eta Mauritaniaren esku zegoen mendebaldeko Sahara utzi zuenean. «Egoera hau bizi duen hirugarren belaunaldia hasi da jaiotzen eta jendea oso nekatuta dago. Politikoki ez dela ezer egiten ikusten dute. Gazte jendeak beste pauso batzuk eskatzen ditu».

Bizi duten egoeraren errudun nagusia Espainia gidatu duten gobernuak izan dira, bakarra ez bada ere. «Espainiak bere garaian Marokorekin akordioa egin zuen. 1976. urte inguruan Espainiako presidente izango zen Felipe Gonzalez sozialista ere han egon zen elkartasuna azalduz, baina gero 1982. urtean presidente izatera heldu zenean badakigu zer egin zuen; bizkarra eman Saharako herriari eta Marokoko erregearekin akordio pila bat egin». Espainiak du giltza: «Irtenbidea berez ez da horren zaila, hor daude akordioak. Espainiak duen erantzukizuna handia da; Espainia da oraindik indar kolonizatzailea, NBEk esaten du afera oraindik bere eskuetan dagoela. Deskolonizazioa bere eskuetan dago. Kanpotik erraz ikusten da, baina ez dakigu Espainiak zein akordio dituen Marokorekin, eta zergatik ez duen ezer egin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!