Opariak, opila eta musika

Ataria 2015eko urtarrilaren 6a

Ohikotasunera moldatzen joateko eguna izango da biharkoa, eta atzean geratuko dira opor egunak, eta lanera edo ikastetxera itzulita izango dira herritar gehienak, heldu nahiz gazte. Opor egunen azkenak, gaurkoak, opariak, familiarteko bazkariak eta musika izan ditu, ohiko moduan, osagai nagusi.  

Bereziki etxeko gaztetxoentzat izan ohi da egun handia gaurkoa, errege magoek utzitako opariak irekitzeko eguna baita. Hala, egun osoan zehar ikusi ahal izan dira gazteak kalean, pozik, euren jostailuak estreinatzen.
Familiarteko nahiz lagunarteko bazkari eta afari ugari egin ostean, mahaiaren bueltan azken otordu berezia egiteko eguna ere izan da. Tradizioari jarraiki, bazkariaren amaierako postre moduan errege opilak izango ziren etxe askotan mahairen gainean. Kremazko nahiz esnegainezko opil biribil horiek gaurko bereziki egiten dituzte gozotegietan, eta bertan azaldutakoaren arabera, «tolosaldearrak produktu honen edo tradizio honen oso zaleak dira». Horren adierazle da, urtetik urtera milaka opil saltzen direla gozotegietan, hainbatetan ilarak ere sortuz, gaurkoan ikusi ahal izan den moduan. Opilak, gainera, berezitasuna ere ezkutatzen du, zati batean baba baitu gordeta, eta egokitzen zaionaren kontura izaten da hurrengo urteko opila, usadioari jarraiki.

Errege opila dastatu aurretik, galdu ezinezko tradizioa Tolosako Musika Eskolan topatzen dute herritar askok. Bertan, gaur ere, Erregetako kontzertua eskaini dute Musika Bandak eta Txistulari Bandak, elkarrekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!