Lasterketak eta beste hamaika aukera

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 30a, 17:16
Lizartzako frontoian haur parkea jarri dute

Urtea amaitzera doan honetan geroz eta indar gehiago hartzen ari dira Urte Zaharreko lasterketek; Alegian, Berastegin, Ibarran, Lizartzan, Villabona-Zizurkilen eta Tolosan egiten dituzte. Baina hori ez da urtea bukatzeko dagoen aukera bakarra

Joan zaigu 2014a ere, edo ia. Ordu gutxi geratzen zaizkio urteari eta eskualdean hamaika aukera daude bukaera emateko. Ezagunenak, edo jende gehien biltzen dutenak, hala ere, Urte Zaharreko lasterketak edo San Silvestreak dira. Jendetsuenak Villabona eta Zizurkil artean egiten dena eta Tolosakoa dira, baina Ibarran ere hirugarren urtez egingo dute, eta ezin ahaztu Alegian, Berastegin eta Lizartzan egiten dituztenak ere.
Lasterketa guztietan urteroko patroia jarraituko dute, baina bada berrikuntza bat Tolosako XVII. Elkartasun Krosean. Korrika mozorrotuta egiten dutenei zuzendutakoa da berrikuntza, izan ere, mozorrorik bereziena ematen duenak saria jasoko du. Alegian ere gauza bera egiten dute.

Lasterketez gain, bada beste aukerarik, hala ere. Haurrei zuzendutakoak dira gehienak, Errege Magoen kabalgatak esate baterako, baina bada helduentzako eskaintzarik ere. Urteko sasoi honetan tipikoak diren jaiotzek ere badute beren tokia. Etxe, eliza eta txoko askotan daude, eta bada bat berezia dena: Zizurkilgo Elbarrenako elizan dagoena. «Jaiotza baino Euskal Herriko irudia dirudi; baserritarrak daude, animaliak, baserri paisaiak... ederra da, animatua, merezi du ikusteak», esan du Luis Ugartek. Mezak hasi baino lehen edo amaieran ikusi daitekeela esan du, eta norbaitek interesa badu 656 76 14 52 telefono zenbakira deituta ere hitzordua egin eta eliza irekiko duela.

 

 

 



Egitarauak herriz herri

Aduna

  • Urtarrilak 2, etzi. Donostiako Gabon parkera irteera. Izena emateko: 943 69 39 30.


Alegia

  • Abenduak 31, gaur. V. SAN SILVESTRE KROSA
    Ordua. 16:00etan.
    Adina. 6 urtetik aurrera.
    Izen ematea. Izena aurretik eman ez dutenek gaur ere izango dute aukera 14:30etik 15:30era.
    Parte hartzeko 5 euro ordaindu behar dira.
    Sari berezia. Mozorro onenak sari berezia izango du.
  • Urtarrilak 1, bihar. 11:15. Txintxarri Abesbatzak meza nagusian abestuko du.
    12:15. Udal hautetsiek intxaurrak eta mandarinak banatuko dituzte plazan.
  • Urtarrilak 5, astelehena. 18:30. Errege Magoen desfilea.

Amasa-Villabona

  • Abenduak 31, gaur. XXXI. URTE ZAHARREKO KROSA
    Ordua eta ibilbidea.
    Benjaminak (8-9 urte) eta txikiagoak: 16:00etan, ibilbide txikian buelta bat.
    Alebinak (10 eta 11 urte), 16:10ean, bi buelta txiki.
    Infantilak (12-13 urte), 16:28an eta 2,15 km, ibilbide nagusian.
    Kadeteak (14 eta 15 urte), 16:28an, 4,3 km, ibilbide nagusian.
    Jubenilak (16 eta 17 urte), 6,5 km ibilbide nagusian.
    Proba nagusia, 16:30ean 6,5 km ibilbide nagusian.
    Beteranoak (35 urtetik gora), 16:30ean 6,5 km, ibilbide nagusian.
    Irteera. Villabonako Zunbeltz elkarte parean.
    Izen ematea. Doan. Aurretik www.herrikrossa.com webgunean eman ez dutenek gaur bertan ere izango dute aukera, 11:00etatik aurrera, Zunbeltz elkartean.
    Sariak. Maila bakoitzeko lehenengo gizonezko eta emakumezkoari trofeoa emango diote; eta proba nagusian bigarren gizonezko eta emakumezkoak afarirako gonbitea jasoko dute. Bestalde, Zunbeltz elkartean egiteko 10 afariren zozketa egingo dute parte hartzaile guztien artean.
  • Urtarrilak 1, bihar. 08:30. Loatzora mendi irteera, Olaederra kiroldegitik.
  • Urtarrilak 2, etzi. 16:30-19:30. Haurrentzako Gabon Parkea Bearzan frontoian.
  • Urtarrilak 3, larunbata. 20:00. Kontzertu lirikoa. Nerea Bariola sopranoaren eta Ana Iparragirre piano jotzailearen Gabonetako kontzertua. Doan, Gurea antzokian.
  • Urtarrilak 5, astelehena. 11:00-14:00. Haurrentzako Gabon Parkea Bearzana frontoian.
    19:00. Errege Magoen jaitsiera Amasatik aterata. Villabonako plazaraino joango dira.
  • Urtarrilak 8, osteguna. Oria merkatarien elkarteak 300 euroo lau erosketa txartelen zozketa egingo du.
  • Urtarrilak 11, igandea. 17:00. Arratoitxo pinpiriña haur antzerkia, Gurea antzokian.

Amezketa

  • Urtarrilak 2, etzi. 13:00. Olaberriako kartinera irteera.
  • Urtarrilak5, astelehena. 18:00. Elizatik beherantz abiatuko da Errege Magoen desfilea, eta Larrunarri pilotalekura iritsiko dira. Bertan txokolate beroa eskainiko zaie.

Anoeta

  • Urtarrilak 2, etzi. 20:30. Barrikotea eta txapelketa gaua, Gaztetxean, herriko eragileek antolatuta.
  • Urtarrilak 4, igandea. 18:00. Barrura begiratzeko leihoak dokumentala Gaztetxean, eragileen eskutik.
  • Urtarrilak 5, astelehena. 18:00. Errege Magoen desfilea. Basagain menditik aterako dira, plazara jaisteko. Anoetako txistulariek alaituko dute bidea, eta plazan gozokiak banatuko dizkiete haur eta gazte guztiei.
  • Urtarrilak 6, asteartea. 12:00. Anoetako Txituslari Taldearen kalejira.

Asteasu

  • Abenduak 31, gaur. 17:00. Urrezko Aizkora Binakako kanporaketa, frontoian: Olasagasti eta Etxeberria, Azpilikueta eta Mieltxo Mindegiaren aurka. Eta harri-jasotzeko Gabonetako Kopa: Izeta IV.a eta Urrutia, eta Urruzuno eta Eizmendi.

Berastegi

  • Abenduak 31, gaur. UREPELE ELKARTEKO XI. URTEZAHAR KROSA
    Ordua. 18:00etan.
    Ibilbidea. 2002tik aurrera jaiotakoak 1,25 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute. 2001etik behera jaiotakoak 5 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute.
    Izen ematea. 2002tik aurrera jaiotakoek gaur eman ahal dute izena 6 euro ordainduta, eta 2001etik beherakoek 7 euro ordaindu beharko dute.
    Sari berezia. Helduetan lehen buelta azkarren egiten duenak urdaiazpikoa jasoko du.
  • Urtarrilak 5, astelehena.18:45. Errege Magoen desfilea. Urdinarrain auzotik behera plazan jarritako jaiotzara joango dira.

Berrobi

  • Urtarrilak 5, astelehena. 19:00. Errege Magoak pajeek lagunduta jaitsiko dira plazara eta bertan opariak banatuko dituzte.

Bidania-goiatz

  • Urtarrilak 5, astelehena. 19:00. Hiru Errege Magoen etorrera herrira, lehenengo kaleetan zehar ibiliko dira eta ongi etorria Bidaniko frontoian egingo zaie. Animaliak, jaiotza, taloak…

Ibarra

  • Abenduak 31, gaur. III. IBARRAKO URTEZAHAR KROSA
    Ordua. Haurrak 16:00etan eta helduak 16:30ean.
    Ibilbidea. Helduak 5,4 km-tako ibilbidea egingo dute. Gaztetxoak, adin taldearen arabera sailkatuta, 300 m eta 1,8 km  bitarteko ibilbidea egingo dute.
    Izen ematea. Aurretik dortsalak jaso ez dituztenek gaur ere izango dute aukera. Horretarako 12:00etatik 13:30era jo beharko dute plazara. Izena emateko janari pakete bat eman beharko da, eta ondoren elikagai bankura bidaliko dute bildutako guztia.
    Sariak. Helduentzat saskiak, benjaminetatik infantiletara kamisetak eta txikienek gozokiak.

Irura

  • Abenduak 31, gaur. 10:00. Loatzo mendira egun pasa plazatik abiatuta. Bertan hamaiketakoa egingo dute. IGAk antolatu du txangoa.
  • Urtarrilak 2, ostirala. Pintxo Poten Duo Jaderen kontzertua entzun ahalko da Trinketean. Eta afaldu eta gero 80tarrak taldearen kontzertua egongo da Zaharretxe tabernan.
  • Urtarrilak 5, astelehena. 17:00. Txokolate jatea egingo dute, plazan. 18:00. Errege Magoen etorrera, kalejira eta opari banaketa

Orexa

  • Urtarrilak 5, astelehena. 16:00. San Markos baselizatik abiatuko da Errege Magoen desfilea eta etxe guztietara egingo dute bisita, opariak banatuz.

Tolosa

  • Abenduak 31, gaur. XVII. ELKARTASUN KROSA
    Ordua. 15:30ean benjaminak aterako dira, eta ordu erdiro talde bat aterako da; helduak, 16:45ean aterako dira; guztiak Zerkausitik.
    Ibilbidea. Benjaminek 700 m.  Alebinek eta infantilek 1.400 m. Helduek 5050 m.
    Izen ematea. Aurretik eman ez dutenek gaur joan beharko dute Zerkausira lasterketa hasi aurretik eta 12 euro ordaindu. Haurrek ez dute korri egiteko ordaindu beharko.
    Sariak. Benjaminak, alebinak eta infantilak, kamisetak eta garaikurrak. Helduek eta beteranoek kamisetak, opariak eta garaikurrak. Horrez gain, parte hartzaileen artean opariak zozkatuko dira.
    Sari berezia. Mozorro berezienak sari berezia izango du.

           20:00. Tolosako Musika Bandaren kalejjira Gorriti plazatik abiatuta. Korreo kalea eta Zerkausitik pasako dira eta Plaza Zaharrean geldialdia egin. Ondoren, Kale Nagusitik barrena Plaza Berrira joango dira eta han ere joko dute.

  • Urtarrilak 2, ostirala. 17:30. The Hobbit filma, Leidor aretoan.
  • Urtarrilak 3, larunbata. 16:00 eta 18:00. Poxpolo eta Konpainia pailazoen emanaldiak, Leidor aretoan. 17:00. Gaztain jatea Gazte Topagunean, 12 eta 16 urte artekoentzat. 22:30. Kashbad taldearen kontzertua, Bonberenean.
  • Urtarrilak 5, astelehena . 18:00-20:00. Errege Magoen kabalgata.
  • Urtarrilak 8, osteguna . 20:30. Johan Straussen Gran concierto de año nuevo, The Original Johann Strauss Orchestra balletarekin, Leidorren.
  • Urtarrilak 4, igandea. 18:30. Txotxongilo konpainiaren Zergatik bizi da basoan Txanogorritxuren amona? ikuskizuna. Sarrera dirutan ordaindu beharrean janaria emanda lortu daiteke, eta biltzen dituzten elikagai guztiak Caritasi emango dizkiote.
  • Urtarrilak 2, 3 eta 5. Musika eskolako ikasleek kaleak alaituko dituzte arratsaldeetan.

Zizurkil

  • Urtarrilak 5, astelehena. 17:30. Irakurketa kluba 3 eta 6 urteko haurrentzat. Izena liburutegian eman behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!