Urteko azken egunean, Asteasu herri kirolen topaleku nagusi

Imanol Garcia Landa 2014ko abenduaren 30a

Azken urteotan Asteasu herri kirolen topaleku nagusi izaten da Urtezahar egunean, eta biharkoa ere halaxe izango da. Batetik aizkoran lehiatuko dira, eta bestetik, harri-jasotzean. 17:00etan hasiko da saioa, frontoian, eta sarreraren prezioa guztiz itxita ez badago ere, 10 edo 15 eurokoa izango da.

Aizkoran, Eusko Label Txapelketako binakako modalitatean, urrezko mailan lehiatuko dira: Olasagasti eta Etxeberria, Azpilikueta eta Mieltxo Mindegiaren aurka. Sei modalitatetan ariko dira lehian aizkolariak.

Harri-jasotzeari dagokionez, Gabonetako Kopa izango da jokoan. 5 harri ezberdinekin ariko dira bikoteka: batetik, Izeta IV.a eta Urrutia, eta, bestetik, Urruzuno eta Eizmendi. Aizkolariak eta harri-jasotzaileak txandaka ariko dira, beharrezko atsedenaldiak hartzeko.

Olasagasti, apustuan garaile

Tolosako zezen plazan apustua jokatu zuten Olasagasti eta Rekondo aizkolariek, eta historiara pasako den bukera izan zuen. Azken enborrean atzetik joan arren, Olasagastik bost segundogatik irabazi zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!