Dispertsioaren aurkako oihu ozena

Ataria 2014ko abe. 29a, 12:31

Christiane Taubira Frantziako justizia ministroari gutuna bidali diote

Euskal preso eta iheslariak gogoratu dituzte hainbat herritan. Frantziako Taubira justizia ministroari ere gutuna bidali diote

Estatu Frantsesak euskal presoak Espainiaratu nahi dituela salatzeko ekimena egin zuten pasa den larunbatean Frantzian preso dauden Tolosako Suni, Gazteluko Andoni Goikoetxea eta Ibarrako Maite Aranalderen senitarteko eta lagunek. Tolosako Correoseko bulegora joan eta eskutitza bidali zioten Christiane Taubira justizia ministro frantziarrari. Izan ere, Estatu Frantsesak euskal presoak Espainiaratzen baditu  dispertsio politika aplikatutako dietela salatu zuten. «Jakina denez dispertsio politikak ez ditu presoen oinarrizko eskubideak bermatzen, ez ahal dugun guztietan bisitetan joaten garen senide eta lagunona ere», gaineratu zuten.

Frantziako justizia ministroari gutuna bidaltzeko elkartutako herritarrek leku aldaketek giza eskubideen eta araudien errespetua bermatu beharko luketela esan zuten, hau da, «euskal presoak euskal herriratzea». «Gure herriak bizi dituen arazoei irtenbideak bilatzeko garaia dela uste dugu, konponbideak bilatzeko norabidean dispertsio politikarekin amaitzea beharrezkoa delarik», esan zuten.
Frantziak Europako direktiba araudi baten arabera Espainiaratu nahi ditu euskal presoak, honen arabera, estatuek presoak batetik bestera aldatzea erabaki dezakete, jatorrikoan bete ditzaten zigorrak.

 



Elkartasun mezuak
Larunbatekoa ez zen izan, hala ere, euskal preso eta iheslariei elkartasuna azaltzeko eta dispertsioarekin amaitzeko eskatzeko egindako ekitaldi bakarra. Abenduaren 24an, urteroko ohiturari jarraituz, manifestazioak eta elkarretaratzeak egin zituzten Tolosaldeko herri askotan, eta kantari ere atera ziren herritar asko. Era berean, urteko azken egunean ere manifestazio eta elkarretaratzeak egongo dira; Villabonan Aiztondo bailarako manifestazioa egingo dute, Ibarran giza sarea eta Anoetan ere egingo dute elkarretaratzea.
Sarek deituta urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia ere egin dute herri gehienetan, eta autobus zerrendak ohiko tokietan daudela gogoratu. «Batu ditzagun arrazoiak, bihotzak eta eskuak mezu argi hau lau haizeetara zabaltzeko: Now, Euskal Herrira!», esan dute antolatzaileek.

 

Hitzorduak

Abenduak 31

  • Villabona-Zizurkil. Aiztondo bailarako udal ordezkariek deituta manifestazioa. 19:00etan aterako dira Villabonako Errebote plazatik eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatuko dute.  
  • Ibarra. Sarek deituta giza sarea osatuko dute. 18:45ean elkartuko dira Ibarrako plazan eta sarreraraino joango dira Euskal Herrira Orain! lelopean.
  • Anoeta. Sarekide egiteko aukera egongo da 17:30etik 20:00etara plazan. 19:30ean leku berean elkarretaratzea egingo dute Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira lelopean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!