Hainbat jatorritako 30 familia elkartu dira eskualdean

Iñigo Terradillos 2014ko abenduaren 5a

Bizilagunak proiektuaren barruan 15 bazkari egin dira Tolosaldean, elkar hobeto ezagutzeko asmoz.

Hamabost bazkari eta, beraz, 30 familia elkartu ziren Tolosaldean Bizilagunak egitasmoan. SOS Arrazakeriak antolatu du, Gipuzkoa Solidarioa proiektuaren barruan, eta Tolosaldea Garatzenen laguntza jasotzen du eskualdean. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saileko Kristina Morales teknikariak azaldu duenez, «giro onean joan ziren bazkariak, eta, egia esan, ezagutzen ez diren pertsonen artean gezurra dirudi horrelako gertuko harremana sortzea bazkari baten inguruan. Aipatzekoa da etxeko ateak irekitzeak sinbolikoki duen garrantzia eta horrek eskaintzen duen gertutasuna, beste formatu batzuen aldean».

Bertakoez aparte jatorri ezberdinetako familiak elkartu dira eskualdean: Senegal, Nepal, Nigeria, Maroko, Sahara, Errumania, Venezuela, Nikaragua, Peru... Eta bazkariak eskualdeko hainbat herritan egin ziren.  Otorduez gain, ekitaldi bateratua egin zen Victoria Eugenia antzokian, eta bertan izan ziren bazkarietan parte hartu zuten hainbat familia, tartean Tolosaldekoak.

Balantzea egiterakoan «oso pozik» daudela esan du Moralesek: «Hau hirugarren urtea izan da, eta lehenengoan zortzi bazkari eta 16 familia izan ziren, iaz 11 bazkari eta 22 familia, eta, aurten gehitu egin da kopurua. Ikusten dugu gero eta jende gehiago animatzen ari dela, eta izan daitezkeen beldur horiek gutxitzen doazela».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!