Pilotari profesionalen hiru jaialdi, bi egunetan

Asier Imaz 2014ko abenduaren 4a

Ekaitz Saralegi izan ezik, Tolosaldeko beste pilotari profesional guztiek etxetik gertu edo etxean, partidak jokatuko dituzte. Bi egunetan, hiru jaialdi egongo dira eskualdean, eta horietan, protagonista nagusiak bertakoak izango dira. 

Lizartzan, ostiralean antolatu dute jaialdia. 22:00etan hasiko da, eta lehen partidan, Erik Jakak jokatuko du, Larunberekin bikotea osatuz. Aurkariak, Tainta-Apraiz izango dira.

Bigarren partidan Olaetxeak jokatuko du, Ibai Zabala lagun duela. Aurka, Arretxe II-Aretxabaleta izango dituzte. Jaka eta Olaetxea lizartzarren partidak ikusi nahi dituenak, 20 euro ordaindu beharko ditu.

Tolosako Beotibar pilotalekuan, astelehenean, 17:00etan antolatu dute jaialdia. Olaetxea bertan egongo da. Kasu honetan, ordea, lizartzarraren atzelaria Iza izango da, eta aurkariak Elezkano II.a eta Ladis Galarza. Jaialdiko bigarren partidan Artola alegiarrak jokatuko du, Albisurekin bikotea osatuz. Berasaluze eta Beroiz izango dituzte aurrean. Jaialdia horretarako sarrerak, 15 eta 25 eurotan jarri dituzte salgai.

Hirugarren eta azken jaialdia Amezketan izango da, astelehenean, 17:00etan. Lehen partida, Peña eta Labakaren artekoa izango da, lau t’erdiaren barruan. Ondoren, buruz-burukoa jokatuko dute Irribarriak eta Errandoneak. Afizionatuen mailako bi partida horien ondoren, profesionalak irtengo dira kantxara, eta bertan, protagonista nagusia etxeko semea izango da: Jokin Altuna. Amezketarrak Tolosa anoetarrarekin osatuko du bikotea. Aurkariak, Jaka lizartzarra eta Urruzola asteasuarra izango dira.  

Peña eta Labaka
Tolosarrak 17 urte ditu, eta zizurkildarrak 18. Elkarrekin denbora ugari pasatzen dute entrenamenduetan, eta astelehenean, laguntasun hori kantxara eramango dute, baina oraingoan, aurkari bezala aritzeko. Lau t’erdian neurtuko dituzte indarrak, eta biak «gogotsu» daude horrelako jaialdi batean jokatzeko aukera izango dutelako. Partida horren inguruan bi pilotariak entzuteko aukera, ataria.info webgunean dago.

Peru Labaka:

 
Peña:
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!