Osasun publikoaren afera

«Osasun Antolakuntza Bateratuak are gehiago finkatzen du pribatizazioa»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 27a, 11:09

TOPA koordinakundeko kide Javi Arana eta Jesus Mari Aranzegik «informazio falta» salatu dute, urtarriletik aurrera ezarriko duten sistema berriaren inguruan.

Osasun Saileko Gipuzkoako ordezkari Rafael Uribarreni nahiz Osasun Saileko Aseguru eta Kontratazioko arduradun Iñaki Berraondori gutun bana idatzi ondoren, ustez urtarrilean ezarriko duten Osasun Antolakuntza Bateratuaren inguruko informaziorik ez du lortu TOPAk.

Zer da, zehazki, OAB sistema?

Osasun sistemaren berrantolaketa bat da. Orain arte Osakidetza ekialdeko eta mendebaldeko eskualdetan banatzen zen eta orain, berriz, OAB horien bidez antolatuko dituzte eskualdeak. Alde batetik, ospitale nagusi bat izango da, eta, bestalde, ospitaleari lana bideratzen dioten osasun zentroak. Gure kasuan, Andoaindik Alegiarainoko osasun zentroak izango dira, batetik, eta Asuncion klinika, bestetik. Baina, azken hau ospitale pribatua da.

Herritarrei zein aldaketa ekarriko lizkieke OAB hori ezartzeak?

Arretari dagokionez, aldaketa nabarmenik ez da izango lehen mailako arretan; bai, ordea, bigarren mailan, espezialistaren bat behar denean; sistema publiko batetik pribatura jauzi egin beharko baitute. Eta hori da afera honen guztiaren gakoa. OAB honekin, beraz, are gehiago finkatzen da pribatizazioa. Zergatik? Sistema pribatua publikoan txertatzen duelako, integratu egiten duelako. Horrek, Euskal Herri osoan ospitale publikodun OAB bakarra bilakatuko luke Tolosaldekoa.

Eskualdeko OABa berezi hori nola ezarriko dute?

Horixe da, gaur egun, gure aldarri nagusia. Informazioa eskatu dugu, eta inork ez digu esaten zein norabide hartuko duen, eta zein egitura izango duen sistemak. Informazioa ukatze horrek zalantza handiak sortzen dizkigu, normalean informazio txarrak ukatzen baitira. Eta ziur dena erabakita dutela, gainera, urtarrilean ezarriko baitute; beraz, hilabeteren faltan ezer ez izatea pentsaezina da.

Udaberrian Batzar Nagusietan hartutako erabakia ere, nolabait baliogabetu dizuete, ezta?

Bai. Rafael Uribarreni informazio eske gutun bat idatzi genion, duela hiru urte ere Osasun Eredu Berria izenburupean antzeko beste zerbait ere saldu baitziguten; horren ondorioz, Tolosaldeko biztanleok, gaur egun, Asuncion dugu erreferentziazko ospitale bakarra. Beraz, Uribarrenengana jo genuen arren, hark zera esan zigun, Iñaki Berraondok emango zigula informazio hori, Eusko Jaurlaritzatik. Berraondok, bere erantzunean, argi eta garbi uzten digu osasun jardueren eskumena jaurlaritzarena dela, giza-baliabideak aldundienak eta udalenak diren gisa berean. Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Asuncion urtebetean publiko egiteko eskariari balioa kendu diote, eta bide horretatik ezin izango da, ziur aski, ezer egin.

Horren aurrean, beraz, herritarren hitza kontuan hartzeko proposamen bat baduzue, ezta?

Bai, izan ere, Asuncion kudeatzen duen Inviza enpresak, ez du Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmena betetzen. Batetik, zor historiko bat du, eta ogasunarekin eta gizarte segurantzarekin ere 4 milioi inguruko zorra du. Halaber, behar bezalako baldintzetan egin beharreko obra eta eraberritzea ez du egin. Beraz, Eusko Jaurlaritzak herritarra erdigunean jartzen badu, eta parte hartzeari halako garrantzia ematen badio, eskualde honetako ia 19.000 sinaduren eta alkate guztien babesa kontuan hartzea nahi dugu. Behin eta berriro eskatu izan dugu Asuncion publiko egitea, horregatik, demokrazia eta erreferendumak aktualitatean bizi-bizi dauden honetan, Tolosaldean erreferenduma egitea eskatzen dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!