Osasun publikoaren afera

Hiru urte eta aldarrikapen bakarra

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 27a, 11:02

TOPAk agerraldi jendetsua egingo du larunbatean, duela hiru urte beren ibilbideari ekiteko egin zuten bezala

2011. urtean ekin zioten beren jardunari. Hasiera haietan inork gutxi ezagutzen zuen beren lana, edo aldarrikatzen zuten hori. Gaur, egun, ordea, ia 20.000 sinadura baino gehiagok eta Tolosaldeko udal guztiek babesten dute Eusko Legebiltzarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan nahiz hamaika mobilizaziotan salatu eta aldarrikatu dituztenak. Horrela, beraz, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) herri koordinakundeak agerraldia egingo du, larunbatean, 12:00etan, Tolosako kultur etxean.

«Duela hiru urte eta erdikoaren antzeko zerbait egin nahi dugu, denbora tarte hori pasa bada ere, eta zenbait gauza lortu baditugu ere, oraindik aldarri berdinekin bueltaka jarraitzen dugulako»; diote Javi Arana eta Jesus Mari Aranzegi koordinakundeko kideek.

Izan ere, bidean hainbat oztoporekin topo egin eta beren kexuak indartu dituzten arren, 2011ko gogo berari jarraitzen diote: Tolosaldeak eskualdeko ospitale publiko bat izatea nahi dute, eta baita espezialitateen anbulatorioa ere.

«Pribatua publikoan uztartu»

Aranak eta Aranzegik nabarmendu dutenez, «betiko ildotik jarraitzen dugu, baina bada egoera okertu duen zerbait, pribatizazioaren alde».

Izan ere, Tolosaldeko osasun eskualdean Osasun Antolakuntza Bateratua deituriko sistema ezartzekotan direla jakin berri dute.

Hasiera batean, horrek erabiltzaileei ez lieke aldaketa nabarmenik ekarriko egunerokoan, baina «sistema pribatua publikoaren barruan sartzea ahalbidetuko du, behin betiko».

Horren guztiaren inguruko «informazio eskasia» salatuz, larunbateko agerraldian abenduaren 13ko manifestaziora deituko dituzte eskualdeko eta Euskal Herriko herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!