Atzo bakarrik ez

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 25a, 20:08

Emakumeenganako erasoak gaitzetsi dituzte eskualdeko hainbat herritan. Alegian ipuin kontaketa eskaini du Maite Francok. Amasa-Villabonan dantza egin bitartean errepidea moztuz aldarrikatu dute genero berdintasuna. Tolosan ere alderdi guztietako ordezkariak bildu dira udaletxe aurreko elkarretaratzean.

Atzokoa Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta hortaz, indarkeria honen aurkako aldarrikapenek bat egin zuten atzokoan. Izan ere, badira urteko 365 egunetan indarkeria hau isilean pairatzen duten emakumeak, eta ondorioak azken muturreraino iristen direnean izaten dira nagusi aldarrikapen horiek gure herrietan. Baina, atzokoan isilune hori puskatu nahi izan zen eta ozen salatu zen emakumeen aurkako indarkeria matxista.

Horretarako, eskualdeko hainbat herritan elkarretaratzeak burutu zituzten: Alegian, Anoetan, Tolosan eta Zizurkilen. Alegian elkarretaratzeaz gain, helduentzako ipuin kontaketa izan zen udaletxean, Maite Frankoren eskutik. Arrosa - Urdina: Morea izeneko kontakizuna eskaini zuen. Amasa-Villabonan ere aldarrikapenari forma berezi bat eman nahi izan zioten; arin arina eta fandagoa dantzatu zituzten Subijana etxearen aurrean. Horrez gain, Aizkardi Mendi Astearen barruan, Aztarnak. Montaña en femenino hitzaldia eskaini zuten.

Eguna jada igaro den arren, zenbait herritan badira zita ezberdinak. Anoetan, esate baterako, ostiralera arte egongo da ikusgai kiroldegiko sarreran Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak pegatinen bidez erakusketa. Eta ostiralean bertan 81 amama dokumentala eskainiko dute auditorioan, 19:00etan. Izaro Gonzalez egilea ere bertan izango da solasaldian parte hartzeko. Zizurkilen, berriz, gaur 15:00etan Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, ala bai? tailerra eskainiko dute Otaño ikastetxean.

Hala ere, aldarrikapen hauek ezin dute atzoko egunarekin amaitu, eta ezinbestekoa da gaur eta bihar ere indarkeria sexistaren aurka egiten jarraitzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!