Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, 2014

Ez dago minutuko isilunerik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 21a, 11:40

Azaroaren 25ak aldarrikapenez beteko du eskualdea, genero indarkeriaren aurka

Halaxe dio Berri Txarraken kantu hark, «mendeak daramatzagula isilik». Isiltasunaz omendu ohi direlako zendu berri direnak, joan direnak. Joanarazi dituztenen alde, ordea, bada egitekorik, oraindik ere.

Genero indarkeriak urteko 365 egunetako lerroburu asko hartzen ditu, tamalez, komunikabideetan. Baina, badirudi indarkeria sexistaren bidetik doazen gertakariei, errutinaren zati bilakatu, eta larritasuna itzaltzen zaiela.

Azaroaren 25ak, urtean behin behintzat, herritarrak gizarteko gaixotasun horren aurka altxarazten ditu, eta aurten ere hamaika izango dira kontzientzia piztu eta begiak irekiarazteko egitasmoak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Eta ez da gutxiagorako, estatistikei begiratuta. 2014. urtea oraindik amaitu ez den honetan, Emakundek irailera bitarteko datuak argitaratu ditu bere webgunean eta, Gipuzkoan, 1.217 dira genero indarkeriaren biktimak, oraingoz; iaz, 1.130 izan ziren epealdi berean. Euskal Autonomia Erkidegora begira jarriz gero, berriz, 2014ko urtarriletik irailera bitarteko indarkeria sexistaren biktimak 3.858 izan dira.

Nafarroan genero biolentziak aurten eman dituen datuak oraindik eskuragarri ez daudenez, iazkoei begiratu eta 1.219ko kopurua dago ikusgai.

Indarkeria sexista, genero biolentzia nahiz biolentzia matxista deiturikoak, gainera, hiru hildako utzi ditu, aurten, Euskal Herrian.

Eskualdean, indarkeriari ez

Jada abiarazita dauden zenbait egitasmo, eta asteburuan ekingo diete beste askori. Asteartean bertan, berriz, ohiko aldarrikapen-bideei eutsiko diote Tolosaldeko herritarrek, indarkeria sexistari ezezko borobila emateko.

Emakumeen errealitatea erakusteko gogoz, pegatina erakusketa antolatu dute Anoetan, eta baserriko emakumeen bizitza belaunaldietan barrena nola aldatu den ikusteko aukera ere izango da, 81 amama dokumentalaren eskutik.

Zizurkilen, berriz, emakumeen interesa piztuko duten hitzaldiak antolatu dituzte, haien osasunaz nahiz belaunaldi arteko trukeaz.

Tolosan, berriz, azken urteotako ohiturari jarraituz, flashmob jendetsuan dantzaren bitartez plazaratuko dute emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarria. 12:00etan izango da hitzordua, eta bideoa ere zintzilikatu dute, sarean, dantza ikasi nahi duenarentzat.

Ondoren, manifestazioa izango da batukadaz lagundurik, eta asteartean bertan, ohiko osoko bilkuraren aurretik, elkarretaratzea ere egingo dute Plaza Zaharrean.

Azkenik, etorkizuna beren esku izango duten gaztetxoek datorren azaroaren 29an topaketa berezia izango dute, Urretxun. Beldur Barik topaketan parte hartuko dute Tolosaldeko hainbat nerabek eta, ikastaro eta bazkariarekin batera, ikaskideen artean egindako bideo lehiaketako sariak ere banatuko dizkiete.


 

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, egitarauak

ALEGIA

Azaroaren 25a, asteartea. 19:00. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea plazan.

19:15. Helduentzako ipuin-kontatzea udaletxean, Maite Frankoren eskutik: Arrosa+Urdina=Morea.

AMASA- VILLABONA

Azaroaren 25a, asteartea. 20:00. Aizkardi elkartearen 31. Mendi Astearen barruan, Aztarnak. Montaña en femenino hitzaldia, Ane eta Idoia neskalatzaileen eskutik.

ANOETA

Azaroaren 17tik 28ra. Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak pegatinen bidez erakusketa, Iñaki Sanchez santurtziarraren eskutik, Abraham Olano kiroldegiko sarreran, 09:00etatik 21:30era.

Azaroaren 25a, asteartea. 19:00. Indarkeria sexistaren aurkako eguna dela eta, elkarretaratzea udaletxeko arkupean.

Azaroaren 28a, ostirala. 19:00. 81 amama dokumentala eskainiko dute, doan, auditorioan. Ondoren, Izaro Gonzalez egilearekin solasaldia izango da. Baserrietako belaunaldien arteko desberdintasunak islatzen ditu ikus-entzunezko lanak.

TOLOSA

Bihar, azaroak 22. 12:00. Flashmoba Trianguloan. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako sentsiblizazioa jolasaren eta musikaren bitartez helarazteko asmoz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bi gerezi gorri abestia dantzatuko dute aurten, aniztasun sexuala ere pedagogikoki plazaratzeko. Kamiseta zuria janzteko deia egin diete parte hartu nahi dutenei.

12:45. Tolosako Jabetze eskolako batukada feministaren emanaldiari ekingo diote, eta ondorengo manifestazioa girotuko dute.

13:00. Autodefentsa feministaz lehertu lelopean, manisfestazioa Bilgune Feministak deituta Trianguloatik abiatuta.

Azaroaren 25a, asteartea. 19:00. Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean elkarretaratzea Plaza Zaharrean.

ZIZURKIL

Bihar, azaroak 22. 11:00-13:00. Emakumea eta osasuna tailerra.

Generoa, osasunaren eta gaixotasunaren oinarri erabakigarria.

Zer da emakumearen osasun integrala?

Emakumeen ondoezaren gehiegizko medikalizazioa.

Emakumearen osasuna generoaren ikuspegitik.

Menopausia: mitoak eta uste okerrak.

Genero depresioa emakumeengan.

Emakumeak eta zaintza.

Genero indarkeria eta osasun mentala.

Azaroaren 25a, asteartea. 19:30. Joxe Arregi plazan elkarretaratzea egingo dute, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta.

Azaroaren 26a, asteazkena. 15:00-16:30. Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, ala bai? tailerra, Otaño ikastetxean. Landuko dituzten gaiak:

Nola uztartzen dira emakumearen izaera profesionala eta amatasuna?

Nola ez errudun sentitu bati lehentasuna ematen diogunean?

Zer errepikatu gure aurreko belaunaldietakoek egindakotik eta zer aldatu?

* Tailer hau azaroaren 12, 19 eta 26an eta abenduaren 2, 10 eta 17an eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!