Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, 2014

"Azaroaren 25ak ez du egun isolatua izan behar"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko azaroaren 21a

Tolosako Udalak atzo aurkeztu zituen Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aldarrikapen-egitasmoak.

"Biolentzia da genero arteko desberdintasunaren adierazle handiena, baina egunerokoa mikromatxismo handia dago, eta betaurreko kritiko horiekin begiratu behar diogu, beti, gizarteari". Halaxe azpimarratu nahi izan zuen, Ibai Iriarte Tolosako alkateak, azaroaren 25a egun isolatu ez bilakatzeko argudioa. Udaletxeko pleno aretoan aurkeztu zuen, Bilgune Feministako kide Eider Olazar Elduaien, Berdintasun Teknikari Agurtza Zubero eta Udaberri dantza taldeko kideekin batera, genero indarkeriaren aurkako egunaren inguruan antolatutako egitaraua. 

Besteak beste, "salaketa horretarako indarrak batu eta elkarlana sustatu" behar dela azaldu zuen Iriartek eta, horren harira, datorren astearteko osoko bilkuran Tolosako udalbatzak onartuko duen adierazpen instituzionala izan zuen hizpide: "Osoko bilkura baino lehen, eta aurreko plenoa onartu bezala, elkarretaratzea izango da, eta herritar guztiei dei egiten diegu, 19:00etan Plaza Zaharrera bertaratzeko".

Bide beretik, Agurtza Zuberok Berdintasunaren udal protokoloa ostegunean bertan sinatuko dutela ere azpimarratu zuen, eragile gehiago bildu nahi izan dituztela azalduz. Halaber, egitaraua azaltzearekin batera, Beldur Barik proiektuan Tolosako gaztetxoek izango duten parte hartzeaz ere aritu zen; bi bideo izango dira lehian, genero indarkeria gaitzat hartuta.

Azkenik, Bilgune Feministaren izenean, Eider Olazarrek emakumeenganako indarkeriaren errealitatea "sistema oso batek bultzatua" dela nabarmendu zuen: "Oso eremu desberdinetatik bultzatzen da, gainera, indarkeria feminista". Horren aurrean, bihar, 13:00ean, Trianguloa plazatik abiatuko den manifestazioan makinaria guztia "lehertu" egin nahi dute, erasoen aurrean: "Ez gara biktimak edo subjektu pasiboak, eta ez da nahikoa erantzunak artikulatzearekin: alternatiba oso bat eraiki behar da".

Erlazionatuak

Ez dago minutuko isilunerik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 aza 21 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!