Jokin Altunak lau t'erdiko finala jokatuko du

Asier Imaz 2014ko aza. 15a, 19:53

13-9 galtzetik 22-14 irabaztera pasa da amezketarra Victorren aurka, gaur arratsaldean Iruñeko Labriten jokatu den partidan.

Bi aste barru jokatuko den finaleko aurkaria biharko partidatik irtengo da. Artola alegiarrak Ricoren aurka jokatuko du bigarren finalerdia, Donostiako Atanon.

Labriten, Altuna III.ak erakustaldia eskaini du, Victor bere onetik ateraz. 13-9 zihoan errioxarra, baina hartu aurrera, jai izan du, tanto bakarra sartu dio amezketarrari.

Partida amaieran gustura zen Jokin Altuna: "Ondo sartu naiz partidan, erritmoarekin jokatuz. Berak sakea hartzen zuenean, pilota bizia ateratzen zuen, nire ustez lau t'erdirako biziegia, eta kosta egiten zitzaidan nere jokoa egitea. Baina nik sakea hartu dut ondoren, eta gustura ibili naiz".

Amezketarra ligaxkako lehen partidaz gogoratu da Labriten, Artolaren aurka galdutako hartaz: "Jendeak gauza asko esan zituen orduan, erraz errenditu nintzela adibidez. Asko ikasi dut partida hartatik, eta gaur bigarren zatian aurrera egiten lagundu dit horrek".

Bost hilabete daramatza profesionaletan Altuna III.ak, eta hemendik bi astera lehen finala jokatuko du. Hori berarentzat "izugarria" dela esan du, baina ongi preparatu beharra izango duela, finalera iritsi eta galtzen badu, irakurketa desberdina izango delako txapelketa amaieran.

Biharko Atanoko partidaren inguruan, Iñaki Artola "laguna" ikusten du faborito bezala, baina Rico pilotari arriskutsua dela esan du Altuna III.ak. Alegiarrak irabaziko balu bihar, lau t'erdiko promozioko finalean, eskualdeko bi pilotari ariko dira elkarren aurka, txapelketa hasierako partida errepikatuz. Orduan, Artola izan zen nagusi.

Partidaren iraupena: 49 min

Sakez: Hiru tanto.

Eginak eta galduak: 16-2. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!