Behobiako hankak askatzeko, Ikaztegietako eta Berrobiko krosak

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 12a, 20:31

Behobia-Donostiako esfortzutik errekuperatzeko egokia izan daiteke lasterketa laburren bat egitea. Ikaztegietan horretarako aukera egongo da larunbatean, XXIV. krosa antolatu baitute egun horretan, Herrigintza Elkartetik. Lasterketa 16:30ean hasiko da, eta 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, helmugara iritsi nahi baldin badute. 

Izena emateko epea oraindik zabalik dagoela esan dute antolatzaileek. Aldez aurretik, 10 euro ordainduz, www.herrikrossa.com helbidean jarri dute apuntatzeko zerrenda. Lasterketa egunean, 15:00etatik 16:00etara jarriko dute inskripzio mahaia. Ondoren, krosari irteera emango zaio, eta parte hartzaileek 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute herrian barrena. Herrigintza Elkarteak proba aurrera ateratzeko jaso duten laguntza eskertu nahi izan du. Helduen aurretik, herriko txikienek ere korri egiteko aukera izango dute, urtero moduan. 21:00etan, berriz, elkarteko bazkideek afaria izango dute elkartean..
Ikaztegietakoaren ondoren gogoarekin gelditzen denak, edo forma hartzen hasi nahi duenak, Berrobin izango du korri egiteko aukera, azaroaren 29an. 14 urtetik beherakoak 16:00etan irtengo dira, eta helduak, 17:00etan. Azken hauek 7,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, zirkuituan bost itzuli emanaz.
XII. edizioa izango duen krosean parte hartzeko, izena www.herrikrossa.com webgunean eman beharko da, 8 euro ordainduz. Egunean bertan, apuntatzeko aukera egongo da, baina 10 eurotan. Irabazleek 100 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!