Dantza ikastaroa eta kafe tertuliak, Berdintasun Planean

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 11a, 20:46

Azaroan hasi eta datozen hilabetetarako antolatu ditu Saiaz Zerbitzuen Mankomunitateak. Elena Rikondo gizarte langileak eman du horren berri Ataria irratian. 

Saiaz Mankomunitateko gizarte zerbitzuek, Berdintasun Planaren barruan, bi ekimen antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Alde batetik, dantza ikastaroa jarri dute martxan, bigarren urtez. Zaintzale lanetan ari diren etorkinei bereziki bideratutakoa da, eta salsa, merenge edo tango moduko dantzak erakutsiko dituzte. Bestetik, kafe tertuliak egingo dituzte.

Elena Rikondo gizarte langileak azaldu duenez, «ikusten genuen interna moduan lanean dauden zaintzaile etorkinekin ez genuela harremanik, isolatuta daudela. Prestakuntza saio batera etorri ziren, eta zerbait positiboa egitea proposatu zitzaien, eta beraiek aipatu zuten musika eta dantza beraientzako oso garrantzitsua zela». Ideia hori hartuta proposamena egin eta ikastaroa antolatu zuten mankomunitatetik. «Baldintza izan zen beraiek izan behar zutela irakasle», esan du Rikondok. «Lehengo urtean hasi ginen, eta pozik hartu zen ekimena».

Saioak Errezilen izango dira, guztira bost eta hilean behin, 15:00etatik 16:30era. Hilaren 20ean izango da lehenengoa. Izena emateko 943 68 11 28 zenbakira deitu behar da, eta azken eguna etzi izango da.

Bestalde, kafe tertulietan parte hartzeko gonbitea egiten dute mankomunitatetik. Gizon eta emakumearen berdintasunaren inguruan, zer irabazi eta zer galdu dugu? galderari erantzuten saiatuko dira. Saioak Errezilen izango dira, hilean behin, 15:00etatik 16:30era, eta lehenengoa hilaren 19an izango da. Olatz Berastegi ariko da saioak gidatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!