Arraina ontzietan etxeratzeko kanpaina larunbatean abiaraziko dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 29a, 12:45

Eskualdeko 27 arrandegi Ontziratu zaitez! egitasmoan ariko dira aurrerantzean, hondakinak murriztu eta berrerabilpena sustatuz.

Arrandegietan erositako produktuak tupper edo ontzietan etxeratu ahal izango dira, larunbatetik aurrera, Tolosaldean. Tolosaldeko Mankomunitateak eta Kutxako Ekogunek elkarlanean sortutako proiektua da, eta berrerabiltzea izango du ardatz.

Tolosaldeko Mankomunitateko Amaia Azkue eta Gema Ezeizarekin batera, Kutxa Ekoguneko Amaia Otaza ere izan da agerraldian, eta jada 60 udalerritan martxan den egitasmoa dela nabarmendu du: "Bi urte daramatzagu Tolosaldeko Mankomuniatearekin lanean, eta ibilbide hori bazegoelako erabaki dugu orain abiaraztea".

Finean, arrandegietako paperak nahiz bilgarriak murriztea lortu nahi dute, hondakinak murriztuz eta berrerabiltzeko ohitura zabalduz, Azkuek azaldu duenez: "Herritarrentzako, gainera, erosoa izango da, dendatik hozkailuraino zuzenean eraman ahal izango baitituzte produktuak".

Tolosaldea zero zabor norabidean "oso ondo" doala azpimarratuz, filosofiaren hiru ardatzei erantzungo die Ontziratu zaitez! egitasmoak, ordezkariek diotenez. Horrela, murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeko bideak erraztu nahi dizkiete herritarrei.

Eskualdean, guztira 27 arrandegik parte hartu nahi izan dute egitasmoari bultzada emate horretan, eta, beraz, tupperrak eskuragarri izango dituzte beren saltokietan, larunbatetik aurrera, 50 zentimoren truke; eskualde osoan 4.250 ontzi banatuko dituzte. Dena den, Ontziratu zaitez! egitasmoan oarte hartzeko bi modu izango dira, eta asmoa elikagaiak ontzietan etxeratzea denez, herritarrek nahi duten ontzia eramateko aukera ere izango dute, etxetik, mankomunitateak jarritakoa eskuratu beharrean.

Gainera, berrerabiltzearen aldeko apustuak egiteak ere saria izango du, izan ere, arraina ontzietan erosten duten bezeroei txartel bana emango diete dendariek eta, hilabete bukaeran, 30 euroko txartelak zozketatuko dituzte arrandegi horretan erabiltzeko, hainbat erosketatan.

Kanpainak bederatzi hilabete iraungo du, baina kontzientzia hori zabaldu ondoren, epea amaitutakoan ere ontziak erabiltzen jarraitzeko deia egingo dute, noski, sustatzaileek, Otazak nabarmendu bezala: "Orain arrainarekin hasiko gara, baina herritarrak eurak konturatuko dira granelezko produktuekin edo haragiarekin ere gauza bera egin lezaketela".

Bide hori osatzen lagunduko dieten arrandegi eta komertzioak honakoak izango dira mankomunitatean: Adunan Todo Todo; Andoainen Saldias, Bitoria, Begoña, Carrefour, BM La Salle, Eroski eta Super Amara; Ibarran Bikoitz eta Loyara; Iruran Nerea; Amasa-Villabonan Mutio, Itsaskide, Miguel Ruis de Amiano eta BM Supermerkatua; Zizurkilen Zubeldia eta, azkenik, Tolosan, Artola, BM, Todo Todo, San Sebastian, Eroski, Itsaskide Merk & To, Pescadería del Cantábrico, Arantxa, Kaia eta Belen.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, www.tolosaldea.org nahiz www.ekogunea.net atariak bisitatu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!