Ekaitz Saralegik garaipena, Erik Jakak porrota

Asier Imaz 2014ko urriaren 28a

Gernikan pilota jaialdia antolatu zuten atzo, urriko azken asteleheneko azoka bereziaren harira. Eskualdeko bi pilotari izan ziren bertan: Saralegi eta Jaka. Amezketarrak 22-14 irabazi zion Julen Retegiri; lizartzarrak Rezustaren aurka 12-22 galdu zuen.

Lau t'erdiko pilota txapelketan gauzak argitzen hasi dira. Lehen eta bigarren mailako pilotariak ligaxka jokatzen ari dira. Batzuk, finalerdietarako txartela lortu dute, besteak, txapelketaren amaierara iristen ari dira. Tolosaldeko bost pilotarien egoera ondorengoa da:

Lehen mailakoan:

Ekaitz Saralegi: Ligaxkako lehen jardunaldia jokatu ondoren, multzoko lehen postuan dago amezketarra, Xalarekin berdinduta. Beste partida bat irabaziz gero, aurrera egiteko aukera handiak izango lituzke Saralegik. Hurrengo partida Xalaren aurka jokatuko du, Eibarko Astelenan, igandean 17:00etan. Multzoko beste bi pilotariak Retegi Bi eta Martinez de Irujo dira. Lehen bi onenek egingo dute aurrera.

Mikel Olaetxea: Ostiralean lehen jardunaldian ezustekoa eman zuen lizartzarrak, Ezkurdiari 22-13 irabazi ondoren. Multzoko sailkapen buru dago orain, Olaizola II.arekin berdinduta. Hain zuzen ere, hurrengo partida goizuetarraren aurka jokatuko du Olaetxeak, ostiralean, Donostiako Atano pilotalekuan. Jaialdia 22:00etan hasiko da. Multzoko laugarren pilotaria Bengoetxea VI.a da.

 

Bigarren mailakoan:

Erik Jaka: Gernikan galdu ondoren, finalerdietatik kanpo gelditu da lizartzarra. Ligaxkan hirutik bi partida jokatu ditu Jakak, eta bietan galtzaile izan da. Hurrengo partida larunbatean jokatuko du Victor-en aurka, Iruñeko Labriten, 17:00etan.

Altuna III: Partida bat galdu eta bestea irabazi. Finalerdietarako txartela bere eskuetan dauka amezketarrak. Ligaxkako hirugarren eta azken partida erabakigarria izango da. Irabazten badu, aurrera egingo du, galtzen badu, aurkaria egongo da finalerdietan. Partida, ostiralean izango da Donostiako Atano pilotalekuan, 22:00etan. Aurkaria: Gorka.

Iñaki Artola: Finalerdietan dago alegiarra, jokatutako bi partida irabazi ondoren. Hurrengo partida igandean jokatuko du Taintaren aurka Eibarko Astelenan, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!