Yon Gonzalez: "EBAn jokatzeak eskatzen duen esfortzua jokalariek ondo hartu dute"

Asier Imaz 2014ko urr. 16a, 08:43

Ligako lehen partida igandean jokatuko du TAKE saskibaloi taldeak, Leioan, 12:00etan. Askartza izango da aurkaria.

Yon Gonzalez • TAKE-ko entrenatzaileari elkarrizketa



Zeintzuk dira aldagelako sentsazioak denboraldi hasiera honetan?

Aurre denboraldia oso luze doa. Abuztu amaieran hasi ginen, eta zortzigarren astea egitera goaz. Bagenekien EBAn jokatzeko lan asko egin beharra zegoela, baina luze egiten ari da, eta lehiatzeko edo kantxara irteteko gogoz daude jokalariak. Lehen partidan, agian, gehiegizko gogo bizia izan dezakegu, eta kaltegarria izan daiteke, baina alde ona bilatu eta irrikaz heldu behar diogu erronka berriari.

Nekerik ez al dute jokalariek?
Argi genuen aurten prestaketak luzeagoa izan behar zuela. Eta jokalariek salto hori ondo hartu dute. Une honetan bi multzotan sailkatuko nituzke jokalariak: aurre denboraldia osorik egin dutenak, eta lesio edo bestelako arazoak izan dituztenak. Lehenak oso indartsu ikusten ditut, erronka guztiak maila berean jartzea izango da.

Aurreko denboralditik hona, atseden hartzeko denbora handirik ez duzue izan zuek.
Arlo ekonomikoa alde batera utzita, aldaketa handiena harrobian egiten saiatu gara. Orain arte nazional mailako jokalariak ateratzen ziren bertatik, baina orain, EBAn jokatuko direnak atera behar dute. Kezka sortu duen gaia izan da hori, eta ea aldaketekin emaitzak lortzen ditugun.

Esan al daiteke entrenatzaileak zenbat denbora pasatzen duen partidak prestatzen?
Ez dakit kontatzerik dagoen ere. Asteburuko aurkariaren bi edo hiru partida izaten ditugu normalean. Gero, bideo horiek beste bi edo hiru aldiz ikusten ditugu, moztu beharreko zatiak aukeratuz. Jokalari bakoitzaren inguruko txostena egiten dugu, gure jokalariek nolako jokoa egin behar duten jakiteko aurkariaren aurrean. Ahalik eta informazio argiena ematen saiatzen gara Alain bigarren entrenatzailea eta biok. Horrez gain elkarri mezu elektronikoak bidali, jokaldiak eztabaidatu... Orduak eta orduak. Kontua zera da, horrek ez duela ondoren emaitza on bat izango duzunik ziurtatu.

(Elkarrizketa osoa, audioan).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!