Berrobiko eta Orexako frontoietan berrikuntza lanetan ari dira

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 1a, 10:37

Berrobiko frontoia berritzeko lanak azaroaren amaiera arte luzatuko dira

Berrobiko eta Orexako frontoietan lanean ari dira azken egunotan. Pasa den astean hasi ziren lanak bi frontoietan. Berrobikoan itxura aldaketa garrantzitsuak egingo dituzte, besteak beste frontoia itxi egingo baitute. Orexan, berriz, txukunketarekin zerikusia duten lanak izango dira nagusi.

Esan bezala, Berrobiko frontoian aldaketa handiak egingo dituzte. Iñigo Aiertza alkateak azaldu bezala, frontoiak lan hauek egiteko «beharra» zuen. Hurrengo urtean beteko ditu 30 urte Berrobiko frontoiak, eta «behinere ez zaio obrarik egin». Ondorioz, estruktura guztia «nahiko gaizki» zegoen, eta gainera, «gero eta gehiago kaltetzen» ari zen. Aiertzak ongi azaltzen du egoera nolakoa zen: «Teilatuko izkina guztia ustelduta zegoen, azpiko egurrezko plakak eroritzen ari ziren eta itogin batzuk ere bai».

Hortaz, egin beharreko lanak ere tamaina hortakoak dira. Batetik, teilatu «osoa» berrituko dute, baita beheko teilatutxoa ere. Bestetik, frontoia erabat itxiko dute, baita harmailetako atzekaldea ere. Orain arte, ikusleak eta frontoi barrua babesteko «plastiko beltz bat» jartzen zen, baina orain «teilatuko material berdina erabiliz» itxiko da harmailen atzekaldea, eta kanpoko argia sartu ahal izateko materiala ere jarriko dute.

Azkenik, estrukturari dagozkion lanak ere egingo dituzte: «Estruktura guztia kanpotik hondatuta dago, burdin barrek hormigoi guztia lehertu dute eta leku askotan barra agirian dago». Frontoia egoera horretan egotea «arriskutsua» da Aiertzaren esanetan, «estruktura guztia hondatu lezakeelako». Horregatik, barra eta hormigoia altxata dagoen lekuan, langileek «pikatu» egingo dute, «burnia agerian utzi arte». Orduan, tratamentu bat emango diote burniari eta gero berriro ere hutsuneak bete beharko dituzte.

Oraingoz lan horiek egingo dituzte, nahiz eta, Aiertzak aitortu bezala frontoia bere osotasunean txukuntzea gustatuko litzaiekeen: «Pintatu eta argi berriak jarri nahiko genituzke». Baina, aurrekontua mugatua denez, aurrera begira egin beharreko lana izango da.

Izan ere, lanek 121.000 euroko aurrekontua dute. Udalak aurrekontuaren zati bat bere gain hartu badu ere, gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako bi laguntzekin ordainduko dute.

Lanak «azaroaren amaierarako» bukatuta egotea espero dute, eta teilatuan lanean ari diren tartean frontoian ezingo da sartu. Data horien bueltan jokatzen da hain zuzen ere, Berrobiko Frotenis Txapelketa ere. Horregatik, «antolatzaileekin hitz egiten» ari dira, biak nola uztartu erabakitzeko. Lanek ez lieke finalari oztoporik egingo, finala abenduan jokatzen delako, baina lehenago ere kanporaketa jokatzen dira, eta hor agian, egokitzea tokatuko zaie.

Orexan margoketa lanetan
Orexako frontoian ere lanean ari dira egun hauetan. Hain zuzen ere, pintaketa lanetan ari dira orain. Orexako Errebote-atze pilotalekua 1987an sortu zen, eta Eneko Maioz alkatearen esanetan, «aspaldiko urteetan» ez da egokitze lanik egin.

«Hezetasun arazoak» zituen frontoiak, eta horrez gain, paretean zeuden zulo batzuk «konpondu» beharra zuten eta margotzeko beharra ere bazuen. Behar hauei erantzuteko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldunditik kirol azpiegituretarako emandako diru laguntza eskatzea erabaki zuten. Aurrekontuaren erdia diru laguntzarekin ordainduko dute, eta beste erdia udalak jarriko du.

Orain, diru laguntza jasota frontoiaren egoera hobetzeko lanak hasi zituzten pasa den astean, eta ostiral honetan bertan amaitzea espero dute. Bitartean, frontoia itxita egongo da.

Orexan, Berrobin bezala, aurten frontoia berritzeko lanen zati bat egingo dute, eta Maiozen esanetan hurrengo urtean «beste gauza batzuk» egitea espero dute; esate baterako, «lurra berritzeko» beharra ikusten du Maiozek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!