Stop Sanfilippo eguna, Irribanda

Festa eta banda, Oierrentzat

Igor Agirre / Itzea Urkizu 2014ko ira. 25a, 11:00

Stop Sanfilippo fundazioari laguntzeko eguna izango da, larunbata, Ibarran eta Tolosan

Irriak, banda, kirola, bazkaloste ederra, algarak eta musika izango dira protagonista, larunbatean, Ibarra eta Tolosa artean. Bi herrien arteko zubiak asko badira, irailaren 27an are gehiago batuko ditu, elkartasuna aitzakia hartuta: Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarreni laguntzeko dantzan jarriko dira bi herriak.

Ibarran Stop Sanfilippo eguna izango da. Duela hainbat hilabete lagun talde baten ideia izan zen Oierri laguntzeko zerbait antolatzea, eta elkartasun egitasmo txiki batekin hasi zena, egun osoko festa bilakatu da herriko eragile, talde nahiz bizilagunen elkarlanaz.

11:00etan hasita, igande goizalderarteko jaia izango da Ibarran, eta bazkalondoko zozketan sarituko dute eskualdeko babesa. Izan ere, azken hilabeteotan herriz herri hainbat koaderno ibili dira, Oier Iribarreni laguntza eskaintzeko. Herritarrek beren izena apuntatzeko aukera izan dute koadernoan, nahi adina alditan, eta izena eman duten aldiro, 0,50 euro utzi behar izan dituzte, larunbateko zozketako zenbaki baten truke.

Horrela, kirol, musika nahiz kultura munduko pertsona ospetsuen materiala zozketatuko dute zenbaki horien guztien artean, Jon Iraola esatari lanetan dela.

Bazkalondoari kolorea jarriko dioten sariez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ere bisita berezia egingo dute Ibarrako plazara, izan ere, iluntzean Tolosako zezen plazan ariko dira, hauek ere Oierri laguntzeko.

Saio musikatua eskainiko dute, 19:00etan, Tolosako Musika Bandarekin eta eskualdeko haurrekin osatutako abesbatza erraldoiarekin batera. Pailazoek hainbat lagunen bisita ere izango da zezen plazako eszenatokian Oier Iribarren eta Stop Sanfilippo fundazioaren aldeko festan. Honenbestez, alaitasunari eta irriari elkartasuna ere batuko zaio larunbateko Irribandaren kontzertuan.

Pailazo taldearen 25. urteurrena ospatzeko Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin orain arteko ibilbidean kantatu eta dantzatutako hainbat abestiz osatutako diskoa atera zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 2012. urtean. Kantu gehienen konposatzailea eta moldaketa guztien egilea den Xabier Zabala musikariaren esanetan «formatu hau herriko bandetara egokitzea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen», orkestrarekin Euskal Herriko hiriburu gehienetan soilik eman baitzituzten kontzertuak. Irribandaren bigarren kontzertua izango da larunbatekoa. Estreinako kontzertua Errenteriako bandarekin egin zuten orain dela hilabete batzuk eta hainbat hilabetetako lanketaren ondoren Tolosan izango da bigarrena.

Aiora Zulaika Pirritxek, pailazoak proiektu hau gauzatzeko «gogo handiz» zirela gogorarazi du, Tolosako bandako musikariak lehendik ere ezagutzen baitituzte. Kontzertua Tolosako zezen plazan egitea ere berezia izango da Zulaikaren ustez, «festaren ikurra» baita plaza Tolosan.

Musika proiektu berezi hau, bandaren urteroko jardunaren aldean «egitasmo berezia» da Enrike Arostegi Tolosako Musika Bandako zuzendariaren hitzetan. Entseguetan lan eskerga egin behar izan badute ere, «ilusioz» heldu diote Irribandaren erronkari, eta bandako hainbat kidek orain dela hiru urte Bonberenea Txarangarekin ere pailazoen diskoa grabatzeak lagundu diela gaineratu du bandaren zuzendariak.

Txintxarri Txikiko, Tolosako Musika Eskolako, Loatzo Musika Eskolako, Hirukideko eta Lask abesbatzetako haurrekin aritu da Idoia Iraola tolosarra. 120 haur inguru ariko dira larunbateko haurren abesbatzan kantuan, eta abesbatza bakoitzak bere gisara landu ditu kontzertuko kantuak. Abesbatza guzti horietako zuzendarien lana gogoan izan du Iraolak, ondoren, denek batera elkartu eta kantu nahiz koreografiak entseatu baitituzte.

Txartelak salgai oraindik

Ibarrako herri bazkarirako txartelak Zubiaurren, Alain, Danon Txokoan, Orbelan, 66n eta Usabal kiroldegian daude salgai; 15 euro ordaindu beharko dute helduek, eta 5 euro haurrek.

Irribanda ikuskizunerako sarrerak, berriz, salgai daude, oraindik, Tolosako kultur etxean, 8 euroren truke.


 Egitaraua

IRAILAK 27, LARUNBATA

11:00. Jai hasiera Bartolo eta Bartolarekin.

11:15. Guhau txakur hezitzaileen erakustaldia, eta poney-ak.

12:00. Barriola urdaiazpikoa mozten eta Alain Salbador motozerrarekin.

14:30. Herri bazkaria Emeterio Arresen. Ondoren, zozketa eta pailazoen bisita.

22:30. Vendetta, Glaukoma, DJ DZ eta DJ Gatxet gaztetxean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!