Kronika: "Zelatunen iraileko lehen igandea"

Asier Imaz 2014ko irailaren 12a

Altza, altza! Ieeeeup!... Egun da Santi Mamiña, benetan egun... ederra. 11:30ak Zelatunen. Trikitilariak inondik ere azpeitiarrak dira. Zelatunek ez al dauka iraileko igandeetan Azpeitiako izeba-osaben presentzia? Bi eskualdeen topalekua ere izan daiteke. Hernioren magalean, iraileko igandeetan, Euskal Jaia! Kartel polita izango litzateke hori. Ez da gaztelerarik entzuten, ez da gaztelerarik gogoratzen. 

Altza, altza oinak! Hiru neska fandangoa izan daitekeena dantzatzen. Inguruan mendizaleak elkartzen hasi dira. Gehienek itzala bilatzen dute, urte gutxi dituen Zelatungo basotxoan. Eguzkiaren gozotasunak eta erromeriak baditu bere jarraitzaileak, baina ez dira asko. «Lehen bi igandetan ez da horrenbeste jende biltzen: Donostian estropadak... Jendetza hirugarren eta laugarren igandeetan izaten da normalean», dio adunar batek.
Banaka, bikotearekin, familiarekin, mutil kuadrilla baina neska kuadrilla gehiago, zaldunak, postuak, taberna-bordak, jana, sagardoa, ura... eta pentsatzen jarrita, oraindik inork ez al du gazteleraz hitz egin behar? Zelatungo baso-gunea bai euskararen arnas gunea. Ba ote dago inor gurasoekin txikitan Zelatunera igo ez denik? Zelatunera edo Aralarko San Migelera joan ez denik?
Ostegunean idazteko: Euskal Jaia Zelatunen. Hiru gelditzen dira. Lehena joan zen.
Haurrak zelaian korrika. Oinez ikasi aurretik korrika zergatik ikasten ote dute? Gero eta jende gehiago dantzan. Emakumeak gehienak. Txapelarekin oinak arin mugitzen gustura aitona. Baltsa hasi da. Bakarrik gelditu da, bikoterik gabe, baina ez dago geldi. Oh!... Haur txikienak ezetz esaten dizunean...
Oh!... Baltsa baten ostean bigarrena. Akabo. Atseden hartzeko garaia iritsi zaio aitonari. Lastima. Planta ederrekoa da, bada.
Bi guraso gazte, euren bi haur txikiekin, bakarrik gelditu dira dantzan. Laurak ikuskizun polita eskaintzen ari dira. Elkarrekin dantzatzen duen familia...
Goiz pasa zoragarria! Zelaian etzan eta zeru urdinera begira; lasai ederrean. Gainean dabiltzan putre horiengatik ez balitz...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!