''Iraileko azken bi igandetan biltzen da jende gehien''

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 12a, 11:04

Zelatunen duen bordan asteburu oro egoten da Axun Irulegi tolosarra. Iraila berezia izan ohi da Hernion, igandeetako erromeriaren aitzakiarekin mendizale ugari gerturatzen baita bertara. Bertako giroa inork baino hobeto ezagutzen du Irulegik.

Urte guztian zehar borda irekita izaten duzue ezta?

Bai, hala da. Larunbatetan eta igandetan irekitzen dugu guk gure borda, oso eguraldi txarra egin ezkero soilik ixten dugu.

Urte guztian zehar bertara gerturatzeko ohiturarik izaten al du jendeak?

Bai, eguraldia lagun den bitartean asteburu oro jendea izaten dugu Zelatunen. Uda partean, hondartzara eta igerilekura joaten da jende asko eta beherakada nabaritzen dugu, baina udaberrian eta udazkenean jende asko gerturatzen da Herniora.

Pasa den igandean primerako eguraldia egin zuen.

Bai, baina iraileko igande bat izateko ez zen jende asko bildu nire ustetan. Jende gehiago gerturatuko zela uste nuen, baina estropadak ere izan ziren Donostian. Igande honetan ere estropadak izango dira Donostian eta horrek eragina izaten du erromeriara jendea gerturatzeko orduan. Iraileko azken bi igandeetan elkartzen dela jende gehien esango nuke.

Zer plan izaten du Zelatunera joaten den jendeak?

Denetariko planak egiten ditu jendeak. Badira Hernioraino igo eta jaisterakoan hamaiketakoa egiten dutenak. Egun pasa egiteko asmoz gerturatzen direnak ere asko izaten dira eguraldiak lagunduz gero. Haurrekin ere jende asko gerturatzen da eguerdi aldera. Umeak jolasean lasai ibiltzeko toki aproposa da Zelatun eta aldameneko basora ere jende asko joaten da berotik babesteko asmoarekin.

Krisia nabaritu al duzue mendizaleen artean?

Bai, pixka bat nabaritu dugu. Jendea pintxoak eta ogitartekoak jaten hasi da orain, eserita bazkaltzea gehiago kostatzen delako.

Saio luzeak izaten dira erromerian.

Bi borden artean ekartzen ditugu erromerian jotzen duten trikitilariak. 11:30ean hasi eta 14:00ak bitarte jendea dantzan jartzen dute musikariek eta sekulako giroa sortzen da bertan. Gainera, igandero, trikitilari desberdinak izaten ditugu.

Zein eskaintza duzue zuek zuen bordan?

Denetik: edaria, salda, pintxoak, plater konbinatuak eta ogitartekoak ematen ditugu guk.

Lanean ibili behar izaten duzue baina, disfrutatzeko denborarik izaten al duzue?

Jendea kanpoan ari den bitartean, borda barruan ibiltzen gara gu dantzan, honela bizi dugu guk Zelatungo erromeria.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!