Euskadiko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketaren 30. edizioa jokatzen hasiko dira larunbatetik aurrera. Lehen maila osatzen duten 12 aizkolarik hartuko dute parte Aiako probalekuan jokatuko den kanporaketan, tartean, eskualdeko laurak: Joseba Otaegi eta Jon Irazu zizurkildarrak; eta Jesus Mari Mujika eta Unai Otaño ibartarrak. Horiez gain, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Jose Mari Olasagasti, Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Juan Jose Lopez izango dira.
Aizkolari bakoitzak sei pago-enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko (54 ontzakoak); 60 ontzako beste bi; eta bi oinbiko (72 ontzakoak). Joan den urteko kanporaketan, Otaño bigarren izan zen, bere lana 16 minutu eta 48 segundoan amaituta. Irazu zazpigarren izan zen, eta Mujika, zortzigarren. Otaegik, berriz, lesioa tarteko, ez zuen parte hartu.
Finala, kanporaketako sei hoberenek jokatuko dute urriaren 26an, Beasainen.