Irailean ere festak protagonista

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 3a, 14:25
Eskualdeko lau herri eta beste bi auzotan festak ospatuko dituzte bihartik asteartera bitartean: Alkizan, Bedaion, Elduainen, Izaskunen, Lizartzan eta Zizurkilen. Hona hemen egitarauak

Festa giroa izan da nagusi abuztuan eskualdean eta iraila ere jai giroan hasiko dute hainbat herri eta auzok. Sei tokitan ospatuko dituzte jaiak Ama Birjinaren eta Arantzazuko Amaren bueltan, honela, Alkizako, Bedaioko, Elduaingo, Izaskun Auzoko, Lizartzako eta Zizurkilgo bizilagunek hainbat eguneko egitarau zabala izango dute festez gozatzeko.

Bihar arratsaldean hasiko dituzte jaiak Alkizan eta Zizurkilen. Alkizarrek bost egunetan zehar hainbat ekitaldi izango dituzte jaiak giro paregabean igarotzeko. Aurten ere, jai batzordeak osatu duen egitarauari eskerrak, ostegunetik astelehenera bitarte luzatuko dira festak. Aipatzekoa da beste urtebetez, ostiraleko punta-puntako bertso saioa. Amaia Agirre izango dute gai jartzaile Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Jexux Mari Irazuk, Igor Elortzak eta Sebastian Lizasok bertsozale guztien gozamenerako.

Bedaion ere festa giroa izango da ostiraletik igandera bertako bizilagunen gozemenerako. Artubi Kultur Elkarteak prestatutako egitarauari hasiera emango diote bizilagunek ostiral arratsaldeko txupinazoarekin. Igandean, eguerdiko 13:00etan, jokatuko da Bedaioko XXV. Txirrindulari Igoera. Txirrindulari federatugabeek hartu dezakete parte lasterketa honetan. Azpimarratzekoa da ere igandean 18:00etan Bedaioko eta Amasako gazteek lehiatuko duten herri kirol desafioa eta nola ez, urtero moduan dantzatuko den Bedaioko Ingurutxo ezaguna.

Tolosako Izaskun auzoan ere ostiralean suziria lehertu bezain laster, buruhandiekin indarrak neurtzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Txokolate jatea ere izango da eta danborrada afaria baino lehen urteroko trikipoteoa albizturtarrekin. 22:45ean arrakasta handia lortu duen auzoko danborrada jendetsua irtengo da auzoko kaleetatik Bonberenea Txarangarekin. Gauean, Konbenio del Metal eta Zesuma taldeak izango dira Sputnik plazako taula gainean.

Azken hauek egin berri dute auzoko festen kantu berria, Sputnik-en itzalpean izenburupean. Larunbatean, aldiz, Humus, Lagrimas de Sangre eta Glaukoma taldeen txanda izango da. Lagrimas de Sangre talde kataluniarrak Glaukoma talde tolosarraren azken diskoan kolaboratu zuen.

Lizartzan, ostiral arratsaldean festa giroa sumatu ahal izango da Karobitxulo taldearen kalejirari eta haurren danbor hotsei esker. Herri afariaren ondoren, txupinazoa jaurtiz hasiko da danborrada nagusia Isk&bila txaranga lizartzarraren laguntzarekin. Honen ostean, Joxpa taldearen erromeria izango da.

Ostegunetik asteartera arte ez dute atsedenik izango zizurkildarrek. Danborrak izango dira lehenengo eguneko protagonistak eta ondoren herri afaria izango da. Afal ostea Lazkaoko Jun da Jo Txarangak girotuko du. Larunbatean mozorro eguna izango da. 11:00etan makillaje tailerra egongo da eta haurrek etxetik mozorrotuta joan behar dutela gogorarazi dute. Gauen Triki ta Ke taldeak kontzertua eskainiko du eta atsedenaldian izango da mozorro lehiaketa. Kirolak bere urteroko tartea izango Zizurkilgo festetan astelehenean jokatuko den Zizurkilgo VII. Kros Mistoari esker.

Elduainen, berriz, ostiralean emango diete hasiera festei kanpaiak astindu eta suziria jaurti ondoren. Astelehenean amaituko dituzte jaiak Joseba Esnaola eta Goenatxo III.ren erakustaldiarekin. Gorriti eta bere animaliak ere egongo dira gaztetxoenen gozamenerako.

Erlazionatuak

Lizartzako jaien egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2014 ira 03 Lizartza

Elduaingo jaien egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2014 ira 03 Tolosa

Bedaioko jaien egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2014 ira 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!