Sei hilabetean %82ko tasa eskuratu dute Ikaztegietan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 22a, 11:30
Tolosan irailetik aurrera martxan jarriko dute txip bidez kontrolatutako edukiontzi sistema

«Datuak iraultzea» lortu dutela azpimarratuz, ikaztegietarrak eskertu eta zoriondu nahi izan dituzte Tolosaldeko Mankomunitateak eta Ikaztegietako Udalak. Izan ere, sei hilabetean herrian sortutako hondakinen %820 birziklatzera iristea lortu dute.

Tolosaldeko hondakin bilketa sistemaren aldaketarekin batera, ikaztegietarrak pasa den urtarrilean hasi ziren atez ateko bilketarekin: «Atez atekoaren aurretik birziklatze maila ez zen %30era iristen eskualdean, eta orain, herri honetan, %82aren inguruan jarri gara».

Aipatzekoa da, birziklatutako %82 horretako zatirik esanguratsuena materia organikoak osatu duela sei hilabetean, %38arekin. Jarraian, beira da Ikaztegietan gehien birziklatu dutena, %20ko tasarekin eta, bide beretik, %18ko tasarekin, errefusa bildu dute. Ondoren, papera eta kartoia (%11,6), ontzi arinak (%9,6), arropa (%2,2) eta olioa (%0,6) bildu dituzte.

Mankomunitateak nahiz udalak herritarren parte hartzearen indarra nabarmendu nahi izan dute, birziklatzea tasa horretara iristeko bidean. Horrekin batera, «kuboak jasota dituzten hainbat herritarrek oraindik ez dutela parte hartzen» ohartarazi nahi izan dute erakundeek: «Eurak ere sistemaren erabiltzaile izatera bultzatu nahi genituzke».

Azkenik, «hondakinen kudeaketa are eraginkorragoa izan dadin», herritarrei auzokonposta egiteko proposamena egin diete berriro ere.

Tolosan, uda ondoren aldaketa

Pasa den apirilean ezagutarazi zuen, Tolosako udal gobernuak, datorren irailetik aurrera martxan jarriko duten hondakin bilketa sistema berria. Agerraldian zehaztu bezala, «iritzi eta helburu guztietara egokitutako sistema» plazaratu zuen udalak eta, horrela, gaika bilduko dituzte honakinak Tolosan, baina edukiontzi bidez; 150 herritarren hondakinak bilduko ditu edukiontzi bakoitzak.

Errefusa eta hondakin organikoa biltzeko edukiontziak txip bitartez kontrolatuko dituztenez, udalak esleipen prozesua abian jarri zuen ekainean, eta bi enpresak egin zuten proposamena, edukiontzietako irekiera-sistema elektronikoa nahiz txartelak ezartzeko. Azkenik, Dorlet S.A.U enpresaren ardura izango da baliabide horiek egokitzea; irekiera sistemarako 57.323 euro erabiliko dituzte eta, txartelentzat, berriz, 12.570 euro.

Oposizioko EAJk, bere aldetik, «informazio falta» salatu du hondakin sistema berriaren inguruan: «Sistema berriak ekarriko dituen ondorio ekonomikoak ez dituzte osotasunean azaldu».

Bide horretan, «gardentasuna» eskatu du Olatz Peon hautagai jeltzaleak, prentsa ohar baten bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!