Gaztetxoen aisirako gozamena

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 15a, 10:59
Ekainean bukatzen da ikasturtea eta iraila bitarte uda luzea izaten dute ikasleek aurretik. Gaztetxoenen kasuan, euren ikaskideekin edo herrikideekin batera elkartzeko aukera eskaintzen dute ludotekek, eta horrela, lanean dauden gurasoek haurra familiako kide baten edo zaintzaile baten esku utzi beharrean ludoteka erabil dezakete. Ikasturtea amaitzearekin batera hasten den zerbitzua eskualdeko ia herri guztietan baliatu daiteke, eta uztailaren amaierara arte izaten da martxan. Aipatu behar da era berean, Zizurkilgo Oporretan Euskaraz udalekuei amaiera emateko festa egingo dutela ostiralean, Pedro Mari Otaño ikastetxean.

Ibarrakoa da, esaterako, igoera horren adierazle. Bi urtetik hamabi urtera bitarteko 120 neska-mutil daude, eta horiek zaintzeaz hamahiru begirale arduratzen dira. Maider Otaegi ibartarra da Azkue auzoan dagoen Txontxo udal ludotekako begiraleetako bat. Haur Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian diplomatua da, eta azken lau urteak begirale moduan ari da lanean, Gabonetan eta Aste Santuan Gazteluko ludotekan, eta eta udan, Ibarran. «Asko» gustatzen zaion lana da, eta azaldu duenez, bera bezala, begirale lanetan aritzen diren gehienak hezkuntza munduarekin dute lotura. Lan honetan aritzeko, begirale titulua eta EGA izatea eta 18 urte beteak izatea beharrezkoa da.
Plazan elkartu
Taldeka banatzen dute ludoteka adinaren arabera, eta talde bakoitzak egitarau bat edo beste izaten du. «Helduagoak direnak, esaterako, Alegira joan dira bizikletaz, Hernialden igaro dute gaua eta Leitzaranera eta Izaskunera ere joango dira; txikiagoen kasuan, baserrira joaten gara egun batean, eta bertako animaliak gertutik ikusteko aukera dute», dio Otaegik. Horiek jarduera bereziak izango lirateke, eta gainerakoan, hamaika jolas eta tailer egiten dituzte gaztetxoek ludotekan: «Ezagutza jolasekin hasten gara lehenengo egunean, guztiek elkar ezagutzeko, eta gainerako egunetan denetarik izaten dugu, kamisetak margotu, gailetak egin, piraten eta San Fermin eguna, ur festa, igerilekua... Haurrek euren artean ahalik eta hobekien igaro dezaten saiatzen gara».
Jatekoa ere ludotekan hartzen dute haurrek, hamaiketakoa, hain zuzen, eta hori era berezian egiten dute Ibarran, izan ere, haurrek ematen dute txandaka guztiek jango duten hamaiketakoa. Egutegia zehaztua dute nork eta zer ekarri behar duten, eta haurren gurasoak arduratzen dira prestatzeaz, eta ondoren, begiraleek banatzen eta ematen diete.
Begiraleentzat 08:00etan hasten da jarduna. 09:00ak bitarte eguneko prestaketak egiten dituzte, eta ordu horretan, Ibarrako plazan elkartzen dira gurasoekin eta haurrekin. Ludoteka amaitzean, hau da, 13:00etan, plazaraino laguntzen diete haurrei, eta norbere arduradunarekin utzi ostean, ludotekara itzuli eta eguneko ebaluazioa egiten dute.
Ludoteka zerbitzua amaitu bitarte hamaika jarduera izango dituzte gaztetxoek, eta azken egunerako jaialdia dute gordea. «Uztailean zehar egin ditugun argazkien emanaldia ikusiko dugu gurasoekin batera, eta meriendatxoa ere izango dugu».
Hurrengo urtean ere bai
Enarak eta Markelek lau urte dituzte, ibartarrak dira, eta bertako ludotekan igarotzen dute goiza. «Asko» gustatzen zaiela eta «oso pozik» joaten direla esan dute, bertan lagunak dituztelako, eta egiten dituzten jolasetan «oso ondo» pasatzen dutelako. Enararen kasuan, aiton-amonek  eramaten dute plazara, eta Markel, berriz, aitak edo osabak lagunduta joaten da. Euren bigarren urtea da aurtengoa, eta hurrengo urtean ere itzuli nahi dutela azaldu dute.

Erlazionatuak

150 gaztetxoren bilgune da Leaburu

Tolosaldeko Ataria 2014 uzt 11 Leaburu-Txarama

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!