Kalea, txotxongiloentzat

Imanol Garcia Landa 2014ko uzt. 11a, 09:02
Anita Maravillas taldeak Hernialde, Albiztur, Berrobi eta Tolosan eskainiko ditu emanaldiak, abuztuan
Uztailean eta abuztuan txotxongilo emanaldiak izango dira eskualdeko hainbat herritan, Topic zentroak antolatu duen Txotxongiloen Bideak egitasmoaren bitartez

Tolosako Topic zentroak lehenengo aldiz Txotxongiloen Bideak egitasmoa jarri du martxan aurten. Xabier Ormazabal Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariordeak azaldu duenez, «jakina den bezala azaroaren bukaeran Titirijai antolatzen dugu, eta ez du oso eguraldi ona egiten, eta saioak aretoetan egiten dira. Horregatik pentsatu genuen kanpora ateratzea saioak, eta horretarako eguraldi hobea egin dezakeen garaia aukeratzea».

Horrela, zortzi konpainia aukeratu dituzte, deialdira aurkeztu ziren berrogeietatik, eta uztailean eta abuztuan zehar Gipuzkoako hainbat herrietan egingo dituzte saioak, gehienak eskualdeko herrietan. Konpainia bakoitza egun batzuetan izango da, beti ere asteburua tartean dela. Egun horietan Topic zentroak sortzaileentzat duen egoitzan egongo dira, eta hortik abiatuko dira dagokien lekura saioak egitera.

Emanaldiak eskualdeko zenbait herri txikitan izango direla nabarmendu du Ormazabalek: «Herri txikietan zailagoa izaten da kultur emanaldiak antolatzea, normalean herri handiagoetara joan behar dute, eta ekimen honekin txotxongilo saioak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte».

Txontxogiloak kalera ateratzeaz gain, beste helburu batekin ere antolatu dute ekimena. «Aspaldiko usadio hori berreskuratzea da asmoa, txotxongilolariak herrietara joaten zirenekoa, eta jende guztia plazan biltzen zenekoa, gero txapela pasatzen zutena».

Aukera «zoragarria»

Zortzi konpainia izango dira euren emanaldiak eginez; Buho Teatro aurreko astean izan zen eta egunotan Errioxako Tripitaka Teatro taldea ariko da herriz herri El jajilé azul obrarekin. Taldeko kideak gehiago badira ere gurera horietatik bi etorri dira, Arantza Moreno eta Fernando Contreras. Lehenengo aldia izango da Tolosaldean saioak eskaintzen dituztela. «Azken bi urteetan Unimak Topic zentroan antolatzen duen udako ikastaroan izan gara, baina ez dugu oraindik inguruan emanaldirik egin», azaldu du Morenok. Bere emanaldi sorta gaur hasiko da, eta Ibarran goizean izango dira eta Alegian arratsaldean.

El jajilé azul obran istorio polita kontatzen dutela dio Morenok: «Basoan bizi den basurde bati buruz da. Ez zaio bere itxura gustatzen eta ez du izan nahi basurde bat. Beste zerbait izan nahi duela amesten du, eta amets egiten duen heinean, aldatzen doa izan nahi duen horretara iritsi arte. Baina orduan konturatzen da bakarrik dagoela munduan, ez dagoelako bera bezalako beste inor». Pertsonaiak bidaia bat egiten du bere pertsonalitatea bilatuz, izen berri bat bilatuz, «baina konturatzen da horrela ez duela zoriontasunik lortu», gaineratu du Morenok, «eta itzultzen denean konturatzen da askoz ere hobeagoak eta interesgarriagoak garela garen bezalakoak izanez, ez garen zerbait izaten saiatzen garenean baino». Haur txikientzat, bi urtetik hasita, zein helduentzat egokia dela dio Tripitaka Teatro taldeko kideak.

Txotxongiloen Bideak egitasmoan parte hartzea «abentura bat eta zerbait liluragarria» dela dio Morenok: «Zure obra erakutsi dezakezu, eta orokorrean, egin duzun lana gustatzen bazaio, jendea eskuzabala da txapela pasatzen duzunean». Bestalde, Topic zentroan egotea «zoragarria» dela esan du: «Erreferentziazko lekua da edozein txotxongilolarirentzat. Egitasmoaren berri izan nuenean berehala pentsatu nuen parte hartu nahi nuela. Orain ea eguraldiak hobetzen duen, emanaldiak kalean egin ahal izateko».

 
 

Egitaraua

  • GAUR, UZTAILAK 11, OSTIRALA:

    • 10:00. Tripitaka Teatro, Ibarrako plazan.
    • 19:00. Tripitaka Teatro, Alegiako plazan.
  • BIHAR, UZTAILAK 12, LARUNBATA

    • 20:00. Tripitaka Teatro, Tolosako Amarotz auzoan.
  • ETZI, UZTAILAK 13, IGANDEA

    • 12:00. Tripitaka Teatro, Tolosako Plaza Berrian.
  • UZTAILAK 18, OSTIRALA

    • 10:00. Marionautas, Ibarrako plazan.
    • 18:00. Marionautas, Irurako plazan.
  • UZTAILAK 19, LARUNBATA

    • 18:30. Marionautas, Tolosako Euskal Herria plazan.
  • UZTAILAK 20, IGANDEA

    • 12:00. Marionautas, Tolosako Plaza Berrian.
  • UZTAILAK 25, OSTIRALA

    • 19:00. With The Beatles, Ibarrako plazan.
  • UZTAILAK 26, LARUNBATA

    • 20:00. With The Beatles, Tolosako Zumardiaundian.
  • UZTAILAK 27, IGANDEA

    • 10:00. With The Beatles, Tolosako Plaza Berrian.
  • ABUZTUAK 1, OSTIRALA

    • 18:00. Peus de Porc, Altzoko plazan.
  • ABUZTUAK 2, LARUNBATA

    • 20:00. Peus de Porc, Tolosako Larramendi auzoan.
  • ABUZTUAK 3, IGANDEA

    • 12:00. Peus de Porc, Tolosako Plaza Berrian.

    Abuztuan zehar, Anita Maravillas, Las Giramundo eta Paperformances taldeek ikuskizunak emango dituzte Hernialde, Albiztur, Berrobi eta Tolosan.
Erlazionatuak

Txotxongiloen Bideak Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2014 uzt 11 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!