Hamaika urtez ondarea auzolanean berreskuratzen

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 10a, 17:17
11 urte eta 11 lan, lelo horrekin emango dituzte aurrera 2014rako aurreikusi dituzten ekimenak Burdina taldeko kideek. Gipuzkoa eta Nafarroako sei herritan ariko dira ondarea berreskuratzen, horietatik lau Tolosaldekoak, Asteasu, Berastegi, Elduain eta Orexa, eta denetan jardunbide eta helburu bera izango dute oinarri, auzolanean aspaldiko elementuak zaharberritu, azterketak egin historia ezagutzeko, eta azkenik, herriari erakutsi herriarena dena.

Andoainen Asindegiko lixibatokian, Baltzuetako karobian eta Atxularko gotorlekuan egingo dute lan, Berastegin, Mustarreko burdinolan eta Barrenolako meategietan, Elduainen Salesko karobian, Areson Ulizarko kastroan, Asteasun Urniategiko errotan eta Orexan Basabeko zentral hidroelektrikoan aritu dira aurten.
Lan horiek guztiak egiteko asteburuak eta jaiegunak baliatu ohi dituzte Burdinako kideek, eta, horretarako, boluntarioen lana nabarmendu dute. 80 kide inguruk osatzen dute gaur egun taldea, eta Andoainen jaio eta bertan errotua dagoen arren, inguruko herrietako jendeak ere parte hartzen duela azaldu du Joxe Ramon Berrondo kideak. Zortzi kiderekin hasi ziren duela hamaika urte, eta urtetik urtera kopurua handituz joan da, «egonkortu» arte.
Horren adierazle da egun taldeak duen babesa. Izan ere, ondarearen berreskurapenean aurten egingo dituzten lanetan hainbat arkeologoren laguntza izango dute: Jaione Iriondo arkeologoa eta Burdinako kidea, Zehazten enpresako Xabier Albisu, Aranzadiko Alfredo Moraza, Felix Ugarte espeleologia taldeko Txomin Ugalde eta guztien koordinatzaile lana egiten Burdinako lehendakari den Xabier Arrutirekin batera Manu Izagirre Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari izandakoa egongo da. Era berean, Patxi Aznar historialaria ere izango dute bidelagun euren lanetan.
Babesa erakundeetara ere hedatzen da, aurten egin edo egin asmo dituzten lan horietarako sei herrietako udaletxeen laguntza izan baitute. Ana Karrere Andoaingo alkateak Burdina taldeko kideen lana azpimarratu du udal guztien izenean: «Gure herriaren historia berreskuratzea, auzolanean aritzea eta ondarea ezagutaraztea oso garrantzitsua eta beharrezkoa da, eta baita ingurumenaren zaintzan egiten dutena ere, horregatik eskerrak ematen dizkiegu urtez urte egiten duten lanarengatik».

 

Elduaingo Salesko karobiaren berreskuratzea

Salesko karobia zaharberritu dute, eta honekin bost dira Burdina taldeko kideek herrian berreskuratu dituztenak. Duela hiru urte hasi ziren estilo frantseseko karobi honetan garbiketa eta azterketa lanak egiten, eta aurten jarraitu dute bigarren fasearekin, hau da, egituraren sendotze lanekin, egoera txarrean edota erorita zeuden hormak konponduz. Hirugarren fasean, karobiari teilatua edo aterpea jartzea geratuko litzaioke, eta hori datorren urtean egitea aurreikusi dute.

 

Orexan Basabeko zentral hidroelektrikoaren berreskuratzea

Orexako Basabe bailaran dago XX. mendeko zentral hidroelektrikoa. 100 urte inguru dituen eraikinak errota, zentral hidraulikoa eta zerrategia hartzen zituen. Oso utzia zegoen, eta lehendabizi guztia garbitu egin dute Burdina taldekoek, bertan zeuden erremintak, makinak eta bestelako materiala ateraz, eta guztiaren inbentarioa eginez. Udaletxeak deituta herritarrek auzolanean ere garbitu egin dute zonaldea. Bigarren fasearen zain geratu da proiektua, eta zentralaren inguruan museo bat egitea litzateke aurrera begirako ideia bat.

 

Berastegiko Mustarreko burdinola eta Barrenolako meategiak

Leitzaran bailaran dagoen Mustarreko burdinolan aritu dira lanean Burdina taldeko kideak. Pasa den urtean lagin batzuk aztertu zituzten, eta ez zuten baliozko ezer aurkitu, beraz, aurten jarraituko dute azterketak egiten. Leitzaranen, baita ere, eta Berastegiko lurretan, Barrenolako meategietan azterketa eta prospekzioa egin asmo dute. Burdinako kideek esan dutenez, Leitzarango meategi garrantzitsuenetarikoak dira horiek. Felix Ugarte espeleologia taldeak gidatuko du ikerketa hori, eta Jaione Iriondo arkeologoa ere bertan izango da.

 

Asteasuko Urniategiko errota zaharberriturik

Asteasuko Erreka bailaran, errepidearen ondoan kokaturiko Urniategiko errota zaharberritu dute aurten. XIX. mendekoa da, eta bi zatitan banatuta egin dituzte lanak; lehendabizi errota garbitu dute, sasiak eta belar zikinak kenduz, eta egon zitezkeen aztarnak bilatuz. Horren ostean, errotaren egitura sendotzeko lanetan aritu dira. Aurrera begira, errotaren ondoan kartelen bat jarri nahi dute informazioarekin eta garai bateko argazkiekin lagundurik, herritarrek ondarea ezagutu dezaten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!