Asteasuk Urniategiko errota berreskuratu du

Iñigo Terradillos 2014ko uztailaren 12a

Zaharberritze lanetan aritu eta gero, gaur aurkeztu die Udalak herritarrei Urniategiko errota. Burdina taldeko kideen laguntza izan dute berreskuratze lanetan.

Asteasuko Erreka bailaran, errepidearen ondoan kokaturiko Urniategiko errota zaharberritu dute aurten Burdina taldeko kideek. Lehendabizi errota garbitu dute, sasiak eta belar zikinak kenduz, eta egon zitezkeen aztarnak bilatuz, eta horren ostean, errotaren egitura sendotzeko lanetan aritu dira. Errotak dituen ezaugarriengatik XVI. mendekoa dela uste dute adituek.

Gainera, haren inguruan aurkitu duten lehenengo idatzia 1710. urtekoa da; horren arabera, Ignacio Aldaurriagak hartu zuen errotaren ustiapena bere gain. 1746. urtean, Pedro Arrillagaren esku geratu zen ustiapena. 1775. urtean, errota urez hornitzen duen kanalean itota agertu zen Juan Bautista Urkola larrauldarra, eta 1798. urtean, berriz, Agustin Trekuk Ignacio Urkiari eman zion ustiapenaren ardura. 1954. urtean, Erreka bailarako zorbidea errepide bihurtzeko lanen ondorioz, errotaren kanala eta ur biltegietako zenbait horma desegin ziren. XX. mendearen hasieran, sute baten ondorioz, errota eta baserriaren ustiapena bertan behera geratu ziren.

Aurten, baina, berreskuratu ahal izan du Asteasuk ondare hori Burdina taldearen laguntzarekin, eta herritar orok bisitatu eta ezagutu dezake. Hain justu, gaur goizean egin dute bertan aurrera eraman dituzten lanen aurkezpena herritarren aurrean. Udaleko ordezkariak, Burdina taldeko kideak eta arkeologoak izan dira lanen berri ematen, eta herriko gaztetxoek aurreskua dantzatu dute. Eguraldiaren erruz ezin izan dute herritarrek gaur errota bertatik bertara ezagutu, eta Asteasuko plazan eman beharra izan diote jarraipena ekitaldiari. Bertan hamaiketakoa egin dute guztiek.

Aurrera begira, errotaren ondoan kartel bat jarriko du Asteasuko Udalak informazioarekin eta garai bateko argazkiekin lagundurik, herritarrek ondarea eta historia ezagutu dezaten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!