"Fracking teknika erabiltzeko baimenak leku guztietan eskatu dituzte"

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 7a, 16:31
Fracking Ez taldeko kideek bizikleta martxa bat egin zuten pasa den astean gasa ateratzeko teknika honen kalteen inguruan ohartarazteko. Mikel Otero anoetarra zen tartean eta bere hitzetan Gipuzkoan bi dira eskatu diren baimenak: Landarre eta Sustrai. Lehenak Tolosaldeari eragiten dio. Ameriketako Estatu Batuetatik datorren teknika hau oso arriskutsua dela dio, eta ustiakuntzarako zuloak egiten diren tokietan ura zein lurra kutsatzen dituela.

Bizikleta martxaren balorazio positiboa egin du Mikel Otero Frackin Ez taldeko kideak. "Herriz herri hitzaldiak eskaini ditugu, eztabaidak egin... Gipuzkoari bira eman diogu eta oso positiboa izan da", esan du.

2011. urtera arte ia ezezaguna zen hitza zen fracking-a. Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen zen teknika hau, gasa ateratzeko asmoz. Araban hasi ziren lehenik teknika hau erabili nahian, baina proiektuak aurreratuen herrialde horretan badaude ere,  Gipuzkoan ere badago fracking teknika erabiltzeko asmoa. "Baimenak leku guztietan eskatu dituzte, baita Gipuzkoan ere. Bi baimen daude Gipuzkoan, Sustrai eta Landarre. Gipuzkoako %40a hartzen dute", esan du Oterok.

Tolosaldean ere eskatu dituzte baimenak, Landarreren izenpean; "Tolosaldean Landarre baimen honek muga ekialdetik Tolosan izango luke, Tolosa iparralderuntz zabalduko litzateke gero, eta hortik Goierri aldera joko luke". Baimenak ez dituzte eman oraindik eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena denez Fracking Ez taldeko kideak sinadurak biltzen ari dira Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea aurkezteko. Udaletxeetan honen aldeko mozioak ere sartu dituzte. Mozioetan herritarrei EAEan frackinga debekatzea helburu duen ekimen hau sinatzera joateko deia egiten zaie. Zulaketak 2015 eta 2016 urteen artean hastea aurreikusten dute.

Zer da frackinga

Frackinga ez ohiko gasa lortzeko erabiltzen den apurketa hidraulikoaren teknika da. Haitzean dagoen gasa ateratzeko apurketa mistoa darabilen teknika bat erabiltzen dute horretarako: lehenik eta behin 5.000 metrora arte bertikalki zulatzen dute eta ostean hainbat kilometro (2tatik 5 arte) horizontalki zulatzen dute. Momentu horretan ura sartzen dute presio handiz, harearekin nahastuta (98%) eta hainbat gehigarri kimikorekin (%2). Modu honetan haitza apurtzen da, gasa aske geratuz eta lursorura igotzen da putzuaren bidez. Prozesu hau gasa duen haitz zainean zehar errepikatzen da. 

Honek kutsadura handia sortzen du Oteroren hitzetan. "Honek bi arazo nagusi ditu: alde batetik, prozedura honetan gehiagarri kutsakor asko sartzen direla eta lurrean eta uran eragina duela, eta bestetik, gas hori oso sakabanatuta egoten denez, zulo asko egiten dituztela zonalde jakin bat ustiatzeko. Milaka harri zulatzen dituzte eta milaka zulo horietan gehigarri kutsakor asko sartu, kutsadura handia sortuz. Izugarrizko kalteak sortzen dituzte", esan du.

Espainiako Gobernuak "ezkutatutako" txostena

Espainiako egunkari batek zabaldu duenez, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak 2013an frackingak eragiten dituen kalteez ohartarazten zuen txostena egin eta Espainiako Gobernuko Ingurugiro Ministerioari bidali zion. Honek, ordea, "ezkutatu" egin zuen. Txostenean, era berean, frackinga erabili nahi duten enpresa eragileek bete beharreko eskaera zorrotzak biltzen ditu.

Laburbilduz txostenak dio teknika hau erabiltzen den lekuen inguruan lurrazpiko eta azaleko uren, airearen eta lurzoruaren kutsadura ematen dela, izakien osasuenan eraginak sortzen dituela, paisaiaren eta lurzoruaren aldaketak ematen direla eta arrisku sismikoak sortzen direla.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!