Rikardo Arregi sariak

Rikardo Arregi sariak eskualdera

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 3a, 09:58
Eskualdeko kazetarien presentzia nabaria izan da aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sarietan. Garikoitz Goikoetxea kazetari elduaindarrak Kazetari Berria saria jaso du Euskal Herriko biztanleriaren inguruan eginiko erreportaje sailarengatik; Eider Goenaga tolosarrak koordinatu duen Berria egunkariko 40 lagunez osaturiko talde handi batek —tartean, Maite Alustiza ibartarra— jaso du epaimahaiaren sari berezia GAL 30 urte webguneagatik. Sari nagusia Beñat Zamalloa Berria egunkariko kolaboratzaileak jaso du, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri emateko eginiko lanarengatik. Larunbatean banatu zituzten sariak Andoainen, eta bertako alkateak euskarazko komunikabideeen beharra azpimarratu zuen: «Krisi eta aldaketa garaiotan euskaraz diharduten herri ekimeneko komunikabideen lana ezinbestekoa da; Euskal Herri euskalduna ulertarazteko zimenduak eraikitzen ari zarete».

Beñat Zamalloa aretxabaletarra «oso pozik» agertu zen saria jasotzean. Epaimahaiak Berrian, Akordua blogean, Bizkaia Irratian, Radio Vitorian, Hamaika Telebistan eta sare sozialetan eginiko lana txalotu du. «Idazkera ona eta dotorea, edozein delarik erabilitako generoa» azpimarratu dute. Zamalloak Euskal Herrian badirela kazetari «eredugarriak» eta ez dagoela kanpoan bilatzen egon beharrik esan zuen. Era berean, herri ekimeneko hedabideek jasotzen duten babesaren inguruan kritiko mintzatu zen: «Komunikabideek ardura publikoz betetzen duten kazetaritzaren funtzio publikoa aintzat hartuta, nolako herritarrak nahi dituzte agintari politikoek? Dagoeneko ondorioztatu dugu aurrera egiteko jarrera ez dela nahikoa, hedabideok une oro ari direlako baliabideak muturreraino eramaten, une oro ari direlako berritzen, gizartearen abiadara egokitzen».
Garikoitz Goikoetxearen lana, berriz, «datu kazetaritza adibide eredugarria» izateagatik saritu dute. «Zorrotza datuak emateko unean, baina irakurtzeko eta interpretatzeko errazak izatea lortu du», azpimarratu du epaimahaiak. Goikoetxeak esker on hitzak izan zituen etxekoentzat zein lankideentzat, eta aitorpena eskatu zuen euskarazko kazetaritzarentzat. Bestalde, adostasuna ere beharrezkoa dela esan zuen elduaindarrak: «Hedabideok sendotzeko, adostasuna eta elkartasuna behar dugu; euskararik ez dutenen begietan eta belarrietan ohituta gaude ateak itxita ikustera. Ez dezagun hori egin gure artean. Garaia da euskalgintzaren eta administrazioaren arteko sareak josteko».
Biktimen izaera aldarrikatzea
Bestalde, GAL 30 urte GALi buruzko multimedia lana «erreferentziatzat» jo du epaimahaiak: «Lan mardula da, noizbait egin behar zena, kazetaritzak gizartearekiko konpromiso irmoa baitu». Eider Goenaga tolosarrak koordinatu du GAL 30 urte webgunea eta liburua sortzeko ia berrogei laguneko taldea. Goenagak berriki zendutako Aitor Renteria Txato lankideari eskaini dio epaimahaiaren sari berezia, lan horretan «zutabe inportantea» izan baitzen: «Erabat inplikatua egon zen; beharrezkoa zela uste zuen; bera gabe lan hau ez litzateke berdina izango».
«Poz handiarekin» hartu dutela saria aitortu du tolosarrak. Kazetaritzan gisa horretako lan multimedia asko ez direla euskaraz egiten azaldu du, eta beraz, bidea zabaltzea lortu badute pozgarria dela eurentzat esan du. 50 persona inguru aritu direla gunea egiteen adierazi du Goenagak, kazetari, webgunearen diseinatzaile, argazki diseinatzaile, dokumentazio taldeko kide edota euskara zuzentzaileen artean: «Gainera, ni lan honetarako liberatuta egon naiz, baina, gainerakoak euren eguneroko lanaz gain hau ere egin beharra izan dute; lan izugarria egin dute».
Ez da gai hau jorratzen duen estreinako aldia izan: «2000. urtean Joxi eta Joxeanen kasua argitzeko epaiketa landu nuen Auzitegi Nazionalean, beraz, gogoz egoteaz gain, behartua ere sentitzen nintzen lan honetan parte hartzera, kontaktuak nituelako GAL auziarekin», azaldu du tolosarrak,
GALi buruzko lanarekin hasi zirenean «garrantzitsuena» GALek hildako biktimen soslaiak egitea izan zela esan du Goenagak. «Argi geneukan biktimak direla, baina, biktimak birritan izan dira, batetik,
GALek hil zituelako, eta bestetik,    baztertuak, gutxietxiak eta kasu askotan, kriminalizatuak izan direlako; beraz, guretzat beharrezkoa zen 27 hildakoei lekua eman eta biktima izaera aldarrikatzea».
Maite Alustiza kazetari ibartarrak lan taldean parte hartu du, eta berak eginiko elkarrizketa jarri du biktimen egoera azaltzeko adibide moduan: «Kazetarien artean kasuak banatu genituen, eta niri Mikel Goikoetxearena aztertzea egokitu zitzaidan; aukera izan nuen Bilbon bere bikotekidea izan zenarekin eta bere alabetako batekin elkartzeko, eta esperientzia oso aberasgarria izan zen; bere bikotekidea atentatuan egon zen, erasotzaileetako bat identifikatu zuen, eta aurrez aurreko saio bat izan zuen berarekin, baina, azkenean, ez zuten inor atxilotu, ez zuten ezer egin, ez dute inolako aitortzarik izan, eta uste dute ez dutela aukerarik izango Mikelekin zer gertatu zen jakiteko».        
Batenbat badagoela oraindik gaiaren inguruan hitz egiteko zailtasunak dituena, baina gainerakoan, gehienek nahiz eta mina sentitu, «gogoz» hitz egin dutela nabarmendu du Eider Goenagak: «Gu beraiengana joan izana asko eskertu dute; Lasa eta Zabalarena bezalako kasu batzuk oihartzun handia izan dute, baina, 27 dira denera, guztiak ez dira ezagunak, eta badira inoiz entzun gabeak».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!