Rikardo Arregi sariak

«Lanean ilusio puntu handiagoa izateko balio dute sari hauek»

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 3a, 11:41
Garikoitz Goikoetxea (Elduain, 1989) kazetariak jaso du Kazetari Berria saria, Euskal Herriko demografiari buruzko erreportaje sortagatik. Horrelako sariek aurrera egiteko indarra ematen dutela azaldu du.

Datu kazetaritzaren adibide eredugarria izan da iazko udan egin zenuen lana epaimahaiaren ustez.
Oso pozik nago, eta ondo etortzen dira horrelako sariak aurrera egiteko. Lan honetan egunak izaten ditugu, egun hobeak eta ez hain onak, beste lan askotan bezala, beraz, ilusio puntu handiagoa izateko balio dute sari hauek. Krisian gaude eta egokitu beharra dugu, gehiagorengana iristeko, baina, aintzat hartzea ere beharrezkoa da.
Nolakoa zen erreportaje saila?
Entzuten ari ginen Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik pensioak-eta bermatzeko arazoak izango zirela, etorkinak joaten ari zirela... horregatik erreparatu nahi genion Euskal Herriko egoerari. Biztanleriaren ikuspegitik Euskal Herria nola dagoen ikusi nahi izan genuen, eta aintzat hartuz Euskal Herri osoa. Normalean, Euskal Herriko datuak oso zatikatuta egoten dira, EAEkoak batetik, Nafarroakoak bestetik, eta Iparraldekoak maiz ez dira egoten. Sei aleko erreportaje saila egin genuen; lehenengoan biztanleriaren marrazki orokorra landu genuen, eta Europako beste herrialde batzuekin alderatu genuen. Atera genuen ondorioetako bat zen Europako herri zahartuenetakoa dela, eta 15 urtetik beherakoen proportzio txikienetakoa duena. Euskal Herriaren barruan zer nolako diferentziak dauden ere ikusi genuen; Nafarroako Pirinio ingurua hartzen badugu, esaterako, edo Zuberoa, edo Iruñerria eta Gasteiz. Azken horiek, biztanle kopuruan irabaten ari dira, eta besteak husten, eta zahartzen ari dira. Eskualdez eskualde aztertu genuen.
Tolosaldearen kasuan?
Azken 30 urteetan zerbait igo du biztanle kopurua Tolosaldeak, baina, Euskal Herri osoko biztanleriaren igoerarekin alderatuta, txikiagoa izan da igoera.
Zer arlo gehiago jorratu zenituzten?
Etorkinen kasuan, esan izan da urtez urte etorri eta etorri ari zirela, eta horrek arazoak sortuko zituela, baina, orain erabat kontrakoa gertatzen ari da: askoz jende gutxiago dator kanpotik, eta lanik ez dagoenez jendea joaten ari da. Familia eredua nolakoa den gaur egun ere aztertu genuen; duela 30 urte ia eredu bakarra zegoen, hau da, gurasoak seme-alabekin bizi ziren, baina, gaur egun, asko aldatu da hori. Esaterako, asko bakarrik bizi dira, eta beste familia ereduak ere geroz eta ugariagoak dira, gay eta lesbianen bikoteak eta haien seme-alabak, guraso bakarreko umeak, seme-alabarik ez duten bikoteak... Saila bukatzeko guztien azterketa egin genuen, Euskal Herriko egoera hartu eta Europako beste herrialdeetakoekin konparatuz.      
Datuak ematean zorrotza, eta era berean, horiek modu errazean irakurtzeko moduan eman dituzula nabarmendu du epaimahaiak.
Argi genuen ez genuela egin behar unibertsitaterako liburu bat. Datu asko erabili ditugu, eta horiek laburtzea eta era erakargarrian ematea izan da gure asmoa, jendeak ulertzeko. Hori da, oro har, kazetariaren eguneroko lanaren funtsa.

Erlazionatuak

Rikardo Arregi sariak eskualdera

Iñigo Terradillos 2014 uzt 03 kultura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!