Txernobyl eta Saharako haurren arnasgunea bilakatzen da udan gure eskualdea. Euren herrialdeetan dituzten arazoak albo batera utzi, eta eurak bilakatzen dira protagonistak. Lan horretan aritzen dira Chernobil elkartea eta Oporrak Bakean ekimena, hain zuzen ere. Pasa den astetik Ukrainako hiru haur eta Saharako errefuxiatu kanpamenduetako hogeita sei eskualdean dira, hauetako hamabost Oporrak Bakean ekimenaren barruan harrera familietara eta hamaika Amasako aterpetxean bildu dituen programara. Eli Eizagirre da Amasako begiraletako bat eta 2009an Oporrak Bakean ekimenaren barruan beste proiektu hau egitea adostu zutela esan du. "Brinkolan bi uda igaro ondoren, talde kopurua jaitsi zela eta, Ibarrako Udalak utzitako etxe batean egon ginen bi urtez. Aurten indartsuago geundela ikusita, Amasako parrokiaren etxe batean gaude", esan du.

Chernobil elkarteko kide den Nerea Albisuk azaldu bezala, 1996an jarri zen martxan proiektu hau. Aurten Alegian, Asteasun eta Tolosan izango dira hiru haur harrera familietan. Albisuren esanetan, haurrak etortzen diren lehen urtean «oso ahul» etortzen dira, «defentsak oso baju» izaten dituzte. Honek badu azalpena: «oso diru gutxi duten familiak dituzte, eta hortaz, kutsatuta dauden euren lurretan ereindako jakiak jaten dituzte. Oso erraz gaixotzen dira eta kolore txarra izaten dute». Osasun arazo horiez gain, etortzen diren urtean lehen egunak «oso gogorrak» egiten zaizkie, baina gero «oso ondo» moldatzen dira. Duela astebete lehen aldiz etorritako haurrekin egon ahal izan du Albisuk eta jada «oso gustura» daude.

Ana Trapero Oporrak Bakean ekimeneko kidea da hasiera-hasieratik. Aurten hamabost haur saharaui etorri dira eskualdera, eta harrera familiekin daude Altzon, Alegian, Tolosan, Amasa-Villabonan, Lizartzan eta Zizurkilen. Aurten harrera familia berri batek hartu du parte proiektuan, gainerakoak aurreko urteetatik errepikatzen dutenak dira.

Traperoren esanetan, errepikatzen duten haurrek badakite nora datozen eta «ilusio eta lasaitasun handiarekin» etortzen dira. Lehen aldiz etortzen direnek, ordea, «urduritasun handiagoarekin» bizitzen dute unea, «dena berria da eurentzat». Errepikatzen dutenak ala berriak, denak «oso irrifartsu, alai eta energiaz beteta» etortzen direla dio Traperok.

Ekimenak hainbat helburu ditu, eta osasuna, aisia eta politika lotzen ditu. Izan ere, haur ukrainarrak bezala, sahararrak ere osasun arazoekin etortzen dira: «ume bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina beraiek hemengo haurrak baino argalagoak eta txikiagoak dira, batzuk anemia pixka bat ekartzen dute, eta beste batzuek parasito txiki batzuk». Horrez gain, ikusmenean arazoak izaten dituzte «hondarrarengatik», eta ahoan ere arazoak izaten dituzte «edaten duten ura ez delako kalitate onekoa». Aurten, gainera, esate baterako, tinpanoa zulatuta duen haur bati ebakuntza bat ere egin beharko diote. Arazo hauengatik hona iristen direnean begiraleek eta harrera familiek egiten duten lehen gauza, haurrak medikuarenera, dentistarenera edo okulistarenera eramatea izaten da.

Bi hilabete hauetako egonaldiaren beste helburuetako bat «aisiarena» da. Izan ere, haur hauek «errefuxiatuen kanpamenduetan jaio eta hazi» dira, eta ez dute «besterik» ezagutzen. Hona etortzean paisaia desberdinak ikusteaz gain «pistinara joaten dira, bizikletan ibiltzen dira, herriko festetako haur jolasetan jolasten dira...». Azken finean, saharar eta euskaldunen arteko «elkarbizitza» sustatzen dute.

Chernobil elkarteko kideek ere uztailean hainbat ekimen egiten dituzte. Aurten, esate baterako, lehen aldiz Chernobil elkarteko I. lasterketa egin zuten pasa den asteburuan: «izugarri ondo pasa genuen eta primeran atera zen»

Bizi duten egoeraren salaketa

Chernobil elkarteak eta Oporrak Bakean ekimenak egiten duten lana, bada salaketa lana ere. Albisuk berak hiru urtetan ikusi ahal izan du lehen pertsonan zer egoera bizi duten, eta egoera hori «oso gogorra» dela. Abuztu amaieran egiten dute elkarteko kideek Ukrainarako bidaia, eta bertan hurrengo urtean etorri nahi duten haurrak bisitatzera joaten dira, «euren egoera zein den ikustera». Izan ere, hona etorri nahi duten haurrek baldintza batzuk bete behar dituzte: «kutsatuta dagoen inguruan bizitzea eta inguru horretatik euren kabuz ateratzeko gaitasun ekonomikorik ez izatea». Guztien egoera banan-banan aztertzen dute, «zoritxarrez» ez baitute guztiak ekartzeko lekurik.

Egoera horiei Ukrainan egun bizi duten egoera politikoa gaineratu behar zaie: «gure haurrak iparraldean bizi dira, eta ez dute telebistan ikusten dugun biolentzia ikusten, baina, janaria adibidez asko garestitu da».

Oporretan Bakean ekimenak ere baditu «helburu politikoak». Duela hamabost urte ekimena sortu zenean, urte «bakarreko» ekimena izateko esperantzarekin sortu zen: «euren egoera urte horretan konponduko ote zen pentsatzen genuen». Hamabost urte beranduago, ordea, egoerak «berdin» jarraitzen du Traperoren esanetan: saharar herriaren gehiengoa kanpamentuetan bizi da, beraien herrialdea kendu zaielako eta eskubideak zapalduak dituztelako». Traperok «betiko ahaztuak» direla uste du, eta ez daki noiz arte iraun ahal izango duten egoera horretan. Hona etortzen diren haurrek, esate baterako, «ez dute euren herria ezagutzen». Horregatik, Traperoren ustez euren herrira itzultzeko aukera duten arte horrelako ekimenak «bultzatzen» jarraitu behar da.

Edonola ere, bi kasuetan beharrezkoa da bi ekimenek egiten duten lana, miseria ezagutzen duten haur horiek bestelako uda bat pasa ahal izateko, eta familiak «animatu» nahi izan dituzte, ekimenak aurrera egin eta haurrak ekartzen jarraitu ahal izateko. Traperok azaldu bezala, «irribarre polit batekin» erantzuten dute beti.

Erlazionatuak

"Pixka bat emanda asko jasotzen da"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 uzt 04 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!