200 parte hartzaile Abraham Olano martxa zikloturistan

Izarne Olano 2014ko ekainaren 29a

Giro hotza eta euritsua izan arren, umorez hartu zuten erronka I. Abraham Olano Martxako 200 parte hartzaileek. Gazteenak 22 urte zituen, eta zaharrenak, aldiz, 70. 110 parte hartzailek bukatu zuten proba. Aitor Aierzak balorazio "oso positboa" egin du Ataria Irratian:

Abraham Olanoz gain, Joseba Beloki, Aitor eta Unai Osa, eta Iñaki Aiarzaguena profesional ohiek hartu zuten parte, besteak beste, proban. Oriako Txirrindulari Eskolak azaldu duenez, parte hartzaileak oso gustura geratu ziren ibilbidearekin eta antolakuntzarekin. "Askok proba bukatzerakoan esan zuten uste zutena baino gaitasun handiagoa dutela ohartarazteko balio izan ziela eta sekulan egin ez dutela egiteko aukera izan zutela", esan dute antolatzaileek.

Lehen tontorra orduerdira

Goizeko zortzietan abiatu ziren zikloturistak Tolosatik Bidania (510m) aldera, eta lehen tontorra igotzeko orduerdi baino gehixeago behar izan zuten. 8:45ean iritsi zen lehena eta ordulaurden geroago azkena. Bide bazterrean jende askorik ez zegoen arren, beraien arteko animo eta ohiuak aski izan ziren Santa Agedara (700m) iristeko.

Kirolariak indarrak neurtzen hasi ziren eta sakabanatuago iritsi ziren bigarren mendatera. Ondoren, Tolosarako bidea hartu zuten eta martxari amaiera eman zioten ibilbide motza egitea hautatu zutenek; ausartenek, ordea, Altzo aldera jo zuten zain zituzten 150 km egiteko asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!